Ekintzaz beteta datoz aurtengo Ordiziako Santa Ana jaiak

Kirola protagonista izango da eta uztailaren 28an, Ordiziako hiribilduaren sorreraren 750. urteurren festa egingo dute

M. Aranburu - Domingo, 15 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Urtean zehar ekintza ugari antolatzen dituzte Ordizian, eta herriko Santa Ana jaietarako ere egitarau oparoa osatu dute Udalak eta hainbat elkartek.

Haurren egunak 21ean eta 22an ospatuko dituzte, nahiz eta 24an hasiko dituzten ofizialki aurtengo festak. Egun horretan izango da danborrada eta hurrengo egunerako Ordiziako Klasika antolatu dute. 26an santa Ana eguna izango da eta 27an santanazaleen eta kuadrilen eguna.

24an, asteartea, botako dute txupinazoa Ordiziako Udaletxeko balkoitik eta ardura hori aurtengoan Jakintza Ikastolak izango du, sorreraren 50. urteurrena ospatzen ari direlako. Horiez gain, Jesus Mari Lariz ordiziarrak ere izango du eginkizun hori, Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatearen hitzetan, “herriko jaien antolaketan egin duen lan guztiagatik”.

Ohiko ekitaldiei hainbat berrikun-tza gehituko dizkie. Hala, Iker Galarza aktoreak abian jarri duen Gure Zirkua ikuskizuna lehen aldiz eskualdean izango da, . Hilaren 19an hasi eta 22ra bitartean San Bartolome auzoan kokatuko da eta sarrera gehienak salduta badaude ere, Vicuña Sport dendan eros daitezke azken txartelak.

kirolaren ordua Jaietan kirolak presentzi nabarmena izango du. Hilaren 20ean, esaterako, 19.00etan Barrenan izango da Ordizia Kirol Sariak ekitaldia. Gainera, hilaren 23an Oiangun egingo dute Umore Horia ekitaldiaren bigarren edizioa;200 partaide baino gehiago izango dira bertan.

Kirol profesionalak ere pisu handia izango du. Hiru ikuskizun egongo dira: boxeoa, pilota jaialdia eta txirrindularitzako klasika. Boxeoa 20ean 22.00an izango da;klasika 25 goizean eta 26ean, 18.00etan, pilota partiduak.

Boxeoari dagokionean, Ander Bricio ordiziarrak debutatuko du, afizionatuetan. Txirrindularitza klasikak, bestalde, azken urteetako ibilbidea egingo du, 165,7 kilometrokoa. Bost kontinenteetako txirrindulariak etorriko dira, 14 edo 15 talde. Besteak beste, Simon Yates, Angel Madrazo eta Team Euskadiko Iker Azkarate eta Caja Ruraleko Alex Aranburu goierritarrak parte hartuko dute. Pilota jaialdian Altuna eta Martija, Irribarria eta Albisu goierritarren kontra izango dira.

ezezko erantzuna Santa Ana jaietan, Berdintasun sailak errespetuan oinarritutako eta eraso sexistak gabeko berdintasunezko jaiak izateko kanpaina martxan jarri duela gogoratu dute. “Ez da ez, ez pasa eta ez onartu” horrelako mezu argi eta sinpleekin Udalak herritarren arreta erakarri nahi du errespetuan eta askatasunean oinarritutako harreman batzuen alde;erasotzat har daitezkeen eta errespetuzkoak ez diren jarrera guztiak baztertuz.

Kanpaina honen barruan, adibidez, hilaren 25 eta 27an Zuhaiztin jarriko jaima informatiboa bat jarriko da. Bertan indarkeria sexista ikustarazteko eta herritarrak kontzien-tziatzeko balioko du. Gainera, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jaso eta babes eta elkartasun gunea irudikatu nahi da. Bestalde, informazioa ere emango dute bertan.

urteurren festa Aurten, jaiek festa bikoitza izango dute uztailaren 28an, 750. urteurreneko eguna ospatuko baita. Data ofiziala hilaren 30an bada ere, aurreratu egin dute ospakizun eguna eta larunbatean biziko dute egun handia.

Eguerdian ekitaldi instituzionala egingo da eta 18.00etan etxeko txikientzako Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen saioa hasiko da. Musikarekin jarraituz, 18.30ean, Xabier Crehuet, Starblues eta Insania Crew artista ordiziarren emanaldiak hasiko dira. Hiribilduaren 50. urteurrenean egin bezala, Donostiako Orfeoiak eta Irungo Musika Bandak kontzertua eskainiko dute, 22.00etan. Amaiera borobila emateko, Astondoa pirotekniak musikaz eta su artifizialez osatutako ikuskizuna eskainiko du Barrenako parkean gauerdian. Aurretik, hilaren 23an, 20.30ean parrokian Ordiziako sopranoen Ordizia 750 kontzertua eskainiko da eta bertan abestuko dute Ainhoa Garmendia, Nerea Erauskin, Elena Lopez, Amalia Ibañez, Inma Goiburu eta Debora Herrerok.