Usurbilek Aranerrekako ingurua biziberrituko du

Errekaren ur kalitatea neurtuko du eta hau garbitzeko neurriak hartuko ditu

Aitziber Muga - Domingo, 15 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Usurbil - Aranerreka erreka eta haren ingurua biziberritzeko asmoari ekin dio Usurbilgo Udalak. Horretarako, hainbat egitasmo abiatuko ditu hurrengo hilabetean;alde batetik, Aranerrekaren uraren kalitatea aztertuko du eta erreka garbitzeko neurriak hartuko ditu;eta, beste alde batetik, Errekatxikiko parkean jolasgune bat jarriko du.

Hain zuzen, Añarbeko Urak, bere 50. urteurrena dela eta, egitasmo garrantzitsua abiatu du: mankomunitateko udalerriek urarekin zerikusia duten ekintzak finantzatzeko programa. Hain justu, Usurbilgo Udalak diru laguntza hori baliatu nahi du Aranerreka garbitzeko, eta Ekolur enpresari esleitu zaio zeregin hori.

Aranerreka Artxubieta eta Arra-tzaingo eremuan sortu, Usurbilgo kaxkoa zeharkatu eta Oria ibaian amaitzen den errekastoa da. Kaxkoa zeharkatzen duen erreka izanik, gizakiaren eragina pairatu izan du eta pairatzen jarraitzen du. Edonola ere, funtzio garrantzitsua bete izan du erreka horrek urteetan zehar usurbildarrentzat, eta, gaur egun ere, aisialdirako gune berde garrantzitsuenetako bat da.

Hain zuzen, espazio horren erabilera areagotzeko helburuz, Aranerrekari aire berri bat eman nahi dio Udalak, eta usurbildarrek erreka horrekin duten harremana indartu. Berriki, gainera, Aranerreka elkartea sortu berri da, besteak beste, asmo horretarako.

Esan bezala, beraz, lehen urratsa errekaren ur kalitatea aztertzea izango da. Horretarako, lehenik, saneamendu azpiegiturak ikuskatuko ditu Ekolurrek. Gaur-gaurkoz ez dira baserri asko bertara isur-tzen dutenak, baina, edozein kasuan, ikuskaritza lanak egingo dira epe laburrean, isurketak neur-tzeko. Seguruena, abuztuan bertan.

Behin egoera eta arazoak identifikatuta, udazkenean Aranerrekaren ur kalitatea hobetuko luketen ekintzak gauzatzea aurreikusten da. Egingo diren ekintza guztien berri herritarrei emango zaie, horretarako propio sortuko diren bitarteko komunikatiboen bidez. Abendurako amaituta izatea aurreikusten da. Orotara, proiektu honek 10.000 euroko aurrekontua du.

Gainera, Kalezarrera doazen eskailerak berritu dira. Amaitzear daude lanak.