Kultura

“Gazteak jarri behar dira gazteentzako euskarazko ikus-entzunezkoak egiten”

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok Tabakaleran ‘2deo’ laborategian errendimendu altuko egonaldia egin zuten maiatzean.

Sorzabalbere eta Rojo donostiarrak Next Station lehiaketaren irabazleak dira eta, ondorioz, euskaraz web telesail bat grabatzeari ekingo diote abuztuan

Harri Fernández Ruben Plaza - Domingo, 15 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

donostia - Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo euskarazko web telesailak sortzeko Next Station lehiaketaren irabazleak dira. Maiatzean goi mailako errendimendu egonaldia egin zuten Tabakalerako 2deon, Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez sustatutako euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko laborategian. Sorzabalbere Komunikazioa eta Zuzenbide ikasketak egiten ari da;Rojo, aldiz, Historia ari da ikasten. Abuztuaren 1ean kamararen atzean jarriko dira lehen aldiz Donostiako Onkologikoan Puntu koma deituriko websaila grabatzeko.

Zergatik aurkeztu zineten Next Station lehiaketara?

-Maialen Sorzabalbere: Gauza guztietan izena ematen dugu, ezetz esaten ez dakiten pertsonak gara.

-Amaia Rojo: Next Station lehiaketa komunikazio aldetik oso ondo landu zuten. Irratian asko entzuten zen bere berri. Eta gainera oso modu errazean izena eman zenezakeen. 30 segunduko bideo bat besterik ez zen egin behar, ideia orokor bat azalduz. Abendua zen eta azterketa garaian geunden, Antiguako liburutegian ikasten ari ginen. Maialenek eta biok ideiak geneuzkan, liburutegia bera zen ideia horietako bat.

-M.S.: Egun batean liburutegitik atera ondoren, nire etxera joan ginen eta han grabatu genuen bideoa.

Ikus-entzunezkoetan ez duzue esperientziarik.

-M.S.: Bidali eta gero Instagramen sartu ginen eta ikusi genuen jendeak oso bideo profesionalak aurkeztu zituela, kromarekin eta guzti.

-A.R.: Jendeak proposamen editatuak bidali zituen, guk ez. Guk ulertu genuena bidali genuen: ideia bat nahi zuten eta hori bidali genien.

Definitu: zer da ‘Puntu koma’?

-M.S: Koma egoera bat aitzakia hartuta errealitate piloa batzen dituen puntua da. Oso pertsonaia desberdinak batuko ditugu, mundu oso ezberdinetatik ere datozenak. Hasieran talka sortzen da, guztiok ditugun aurreiritziengatik.

-A.R.: Puntu koma ideia gogoratzea oso erraza da. Izenburua jartzeko eskatu zigutenean, esan genuen “Ostras, eta zer jarriko dugu orain?”. Gerora diskurtsoa osatu dugu izenburuaren inguruan.

Ze fasetan dago proiektua?

-A.R.: Abuztuaren 1ean hasiko dugu hamar eguneko grabaketa. Castinga itxita dago jada. Arazo handiena lokalizazioarekin izan dugu, baina gai hori ixtea ere lortu dugu. Ospitale batean garatzen denez, ospitale bat behar duzu grabaketa egiteko: Onkologikoan grabatuko dugu.

Antzezlariei dagokienean, eskarmentukorik zerrendan?

-A.R.: Bai. Ezagutzen genituenak aukeratu genituen. Hasiera batean, egonaldia Tabakaleran egin genuenean, eskatu ziguten protagonista aktore batekin erlazionatzea. Inspiratzeko edo. Gure protagonista nagusiak Iñake Irastorza izan behar zuela uste genuen, eta lortu dugu. Kepa Errastik ere parte hartuko du telesailean. Gainera bere pertsonaia espresuki sortu genuen bera buruan genuela.

Telesaila 4K kalitatean grabatuko da. Nondik aterako da teknologia?

-M.S.: Next Station hiru ekoiztetxek osatzen dute. Beraiek lortu dute materiala, Bilbotik ekarriko dute.

Nola izan zen ‘2deo’ laborategiaren bidez Tabakaleran egin zenuten errendimendu altuko egonaldia?

-A.R.: Oso intentsua izan zen. Finalerdietan Bilbora joateko deitu ziguten. Bizkaiko Berrikuntza Faktorian lanean aritu ginen eta bertan eskatu ziguten bidali genuen 30 segunduko ideiatik Biblia bat egiteko. Hau da, dena garatu behar izan genuen. 18 pertsonaia garatu genituen. Gero, Tabakalerara etorri ginen eta gidoilari-ekoizle laguntzaile batekin gidoi bat egin genuen ekoizpena errazteko. Zortzi pertsonaia kendu genituen. Istorioak berdin jarraitzen du. Desmuntatu egin genuen berriro eraikitzeko oinarri egonkor batzuekin. Gidoien lau bertsio edo baditugu. Grabaketan ere gidoiak aldatu daitezke.

-M.S.: Gidoilari askok ez dute nahi idatzitakoa aldatzerik. Gu, ordea, aldaketetarako oso prest gaude. Iñakek, adibidez, zenbait aldaketa proposatu dizkigu.

-A.R.: Hobetzeko baldin bada, ez daukagu aldatzeko inongo arazorik.

Noiz emango da?

-M.S.: Udazkeneko programazioan sartu nahi dute.

-A.R.: Guk edizioa erraztuko duen grabaketa bat egin nahi dugu. Nahiz eta pixka bat garestiagoa izan, kronologikoki grabatu nahi dugu. Lokalizazioarekin izan ditugun arazoek atzeratu egin gaituzte. Berez, uztailean grabatzekoak ginen. Modu horretan grabatzeak ahalbidetuko du udazkenera iristea.

Muntaketa eta postprodukzioa zuen gain egongo da?

-A.R.: Next Stationeko ekoiztetxeek egingo dute.

Webtelesaila jaialdietan ere aurkeztuko duzue?

-A.R.: Bai, hori da ideia.

-M.S.: Bilbao SeriesLand jaialdian izango da.

-A.R.: 4K formatuan grabatzen denez, kalitatezko proiektu bezala aurkeztu dezakezu.

EHUk egindako ikerketa baten arabera gazteen artean kontsumitzen diren ikus-entzunezkoen artean, %70 gaztelaniaz dira, %20 euskaraz eta %10 ingelesez.

-M.S.: Gaur egun kriston hutsunea dago gazteentzako euskarazko produkzioan.

-A.R.: Bereziki, fikzioan dago hutsunea. Badira euskarazko programa oso onak.

-M.S.: Ur handitan, adibidez.

-A.R.: Umorezkoak ere badira. Baina, fikzioan Goazenetik aparte ez dago ezer. Helduentzako fikzioa ere falta da. Erreportajeetatik aurrera ez dago ezer. Ez ETB1n, ezta ETB2n ere. Euskarazko filmetan booma dago, baina hori telesailetan ez da ikusten. Euskaraz kontsumitu daitekeen leku nagusia ETB1 da. Gazteak youtuber kon-tsumitzaile handiak ere badira, baina bereziki gaztelaniaz edo ingelesez. Ez dut euskal youtuber asko ezagutzen. Euskarazko ikus-entzunezko mundu hori falta da.

Euskarazko web telesailen eskain-tza ez da handia. Esango nuke, ‘Puntu koma’ egingo den bigarrena izango dela Hiru Damatxo faktoriak egin zuen ‘Txoministak’ proiektuaren ondoren.

-A.R.: Tabakaleran egin genuen egonaldian pertsonaiak gaztetu genituen. Web telesaila gazteentzat bideratuta egon zedin, hain zuzen ere. Hasieran sortu genituen pertsonaiak 40 urtetik gorakoak ziren. Eskaintza falta da, baina ez da euskaraz kontsumitu nahi ez delako.

-M.S.: Adibidez, antzerkiak euskaraz tiroihandia du.

Web telesailak kontsumitzen dituzue?

-M.S.: Ez dugu denbora asko egia esan. HBO, Netflix eta horrelakoek itzala egiten diote beste ezerri.

-A.R.: Telesailen kontsumitzaileak bagara, baina webtelesailak ez. Nik berez ez dut ulertzen web telesail kontzeptua. Guk egiten duguna uler-tzen dut: ordu bat iraungo duen pelikula bat kapitulu oso txikietan banatua. Askoz dinamikoagoa iruditzen zait ezin zarelako aspertu. Hortik aurrera ez dut sekula ikusi webtelesail bat... Bueno, Txoministak bai.

Orduan, zuen proiektuari ekitean, hutsetik hasi zarete, erreferentziarik ez duzuelako.

-A.R.: Pelikula bat grabatu beharko bagenu, beste erreferentzia batzuk izango genituzke, agian. Kasu honetan ez ditugu. Halere, uste dut txukun egin dugula.

Zer egin beharko luke sektoreak euskarazko eskaintza zabaltzeko?

-M.S.: Gazteak jarri behar dira gazteentzako gauzak egiten. EITB bezalako komunikabideek azken urte hauetan edukiaren ordez berrikun-tza sustatu dute. Bidean zentratu dira, baina ez asko edukian. Pena bat da. EITBk izan zuen garai bat eduki on askorekin: Wazemank, Martin...

-A.R.: Ikerketak egin behar dira, gazteek zer ikusi nahi duten jakiteko. Gaur egun telebista kontsumitzeko modua ere aldatu da: jada, ez duzu itxaron behar, zuk aukeratzen duzu. Jendeari gustatzen zaionarekin jokatu dezakezu. Datuak atera daitezke eta hortik aurrera jokatu. Ikerketa bat egin beharko litzateke edo zuzenean gazteei galdetu.

-M.S.: Uste dut gazteek ETBn El Conquis bezalako programak ikusten dituztela, gehien bat. Dena gaztelaniaz.

Uste duzue ikus-entzunezko ‘2deo’ laborategiak hutsunea betetzen lagunduko duela?

-A.R.: Gure proiektuak funtzionatzen badu, adibide ona izango da. Berez, ez dugu ideiarik, eta halere kalitatezko zerbait egin dezakegu, jendeari gustatuko zaiona. Benetan dakien jenedea animatu behar da halakoak egitera, laguntzak emanez, proiektu berriak aurrera eraman di-tzaten eta horrela eskaria ase dezaten. Ez dakit Puntu komak arrakasta izango duen edo ez baina egiten ari gara eskari bat badagoelako. Ideiak dituen jende piloa dago eta mekanismoak sortu behar dira horiek bideratzeko. Guk kriston suertea izan dugu, baina badago jendea ideia piloa izan ditzakeena.

Secciones