politika

Beasaingo EH Bilduk udako batzarra egingo du

Azken hilabeteetan barne prozesua egin dute eta hilaren 19an aurkeztuko dituzte emaitzak

Sábado, 14 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

beasain - Azken sei hilabete hauetan, Beasaingo EH Bilduk barne prozesu parte-hartzaile eta deszentralizatzailea egin dute aurrera begirako lan lerroa zehazteko. Alderdiak nabarmendu duenez, herriko hiru gune edo auzo nagusietan eraman dute aurrera prozesu hau: erdigunean eta Ezkiaga zein Antzizar auzoan.

Aurtengo urtearekin batera hasi zuten prozesuaren lehen zatia eta hori Ezkiaga auzoan izan zen;ondoren, pixkanaka, beste bi auzotara ere zabaldu dute. Prozesu honi hiru helburu jarri zizkiotela nabarmendu dute alderdikoek: lehenik, “gure militantzia aktibatzea. Izan ere, foru eta udal hauteskundeak begi bistan ditugu eta, beraiek prestatzeko, lanean hasteko garaia dugu”. Ondoren, herri programarako ideiak biltzen aritu dira eta bertan “era guztietakoak” jaso dituztela agertu dute;herrirari begira zein eskualdera. Azkenik, “deszentralizazioa” landu dute: “Beasain herri luzea da. Denok gara beasaindar, baina zenbait bizi-baldintzengatik, desberdin ere bagara Antzizar, Ezkiaga, Erdigune, zein beste hainbat auzotakoak ere. Herrigintza bakoitza bizi garen txokotik begiratuta egitea bultzatu nahi izan dugu”.

Sei hilabete hauetan, 50 militantek parte hartu dute “prozesu xume, baina, aldi berean, sakon honetan”, zehaztu dute. Orain, prozesu honek eman dituen emaitzak esku artean izanda, horiek baloratu, herriari ireki eta datozen hilabeteotako plangintza egiteko garaia dela onartu dute. Horregatik, datorren hilaren 18an, asteazkena, batzarra egingo dute Beasaingo Arrano kultur elkartean. Prozesuaren nondik norakoak eta hurrengo pausoak azalduko dituzte bilera honetan. - M.A.