GIZARTEA

Naturguneak ezagutzeko irteerak, Zarautzen

Iñurritzako biotopoaz gain, Garate-Santa Barbara eremu babestua ezagutu ahal izango da bisita gidatuetan

Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Zarautz - Zarauzko Agenda 21 sailak herriko eremu babestuak ezagutzera emateko irteera gidatuak antolatu ditu uda honetarako, baina aurtengoan, gainera, eskaintza zabaldu izan dute. Izan ere, iaz Iñurritzako biotopora egin zituzten bisitak, eta aurten Garate-Santa Barbara eremura ere joango dira, bertako arkamurka basoaren berezitasunak eta ezaugarriak ezagutzera emateko gogoarekin. Bisita guztiak ostiralero egingo dira, SEO Birdlife eta Debanaturaren eskutik, gaur hasi eta irailaren 7ra bitartean.

Gloria Vazquez, Agenda 21eko zinegotziak aurkezpenean azaldu zuenez, iazko bisitek “oso harrera ona” izan zuten eta ostiralero taldeak erabat betetzen ziren. “Gure asmoa da herritarrek nahiz kanpotik datozenek inguruan ditugun naturguneak eta eremu babestuak ezagutzea, sentsibilizazioa lantzea eta Zarautzen ditugun altxor naturalez gozatzea”, adierazi zuen Vazquezek.

Lehen bisita gaur egingo da Iñurritzako biotopoan, eta hurrengo ostiralean, berriz, Garate-Santa Barbaran eskainiko dute (astero txandakatzen joango dira). Gaurko irteera 16.30ean hasiko da malekoiko turismo bulegoan eta bi orduko iraupena izango du. Hurrengo asteko irteera, aldiz, Aiten Etxeko parkean hasiko da 18.00etan.

Bisita gidatuak bi hizkuntzatan eskainiko dira eta parte hartu nahi dutenek ohiko turismo bulegora edo malekoiko turismo gunera joan beharko dute. - A.R.