Euskadik 6 milioi tona inguru hondakin sortzen du urtean

Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:44h.

Euskadin urtean 6 milioi tona hondakin inguru sortzen da, alegia, pertsonako eta urteko, 2.695 kilogramo. Europako neurriak 1.500 kilo ezartzen ditu eta alde horrek industria-sektoreak autonomia-erkidegoan duen pisu handia du oinarri, 2017ko Ingurumen Profiletik ondorioztatzen den bezala. Gaur aurkeztu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak 2017ko Ingurumen Profila. 2010etik, Euskadik % 6,8 murriztu du hondakinen sorkuntza;espero da zifra hori % 10era iristea 2020an, Europar Batasunak zehazten dituen gidalerroei jarraikiz.

Arriola sailburuak, gainera, Euskadik arlo horretan 2035erako dituen erronkak ere identifikatu ditu;erronka horiek bat datoz Europar Batasunaren ekonomia zirkularraren paketearekin, "udal-hondakinak % 65 birziklatzea eta ontzien hondakinen % 75, zabortegiko ezabapena murriztea gehieneko % 10era edo gaika bildutako hondakinak zabortegian uztea debekatzea".

"Helburu horiek -esan du- handinahiak dira, eta euskal industriak eta gizarteak kontuan hartu beharreko aukera interesgarriak planteatzen dituzte".

Eta zera esan du: "puntako gero eta enpresa berritzaile gehiago egiten ari direna aprobetxatu behar dugu, eta izateko eta lan egiteko modu hori gizartearen gainerako alderdiari helarazi behar diogu. Ekodiseinua, fabrikazio ekoefizientea, kontsumo arduratsua gure identitate-ezaugarri bilakatu behar dira. Planetak bizirauteko gizaki guztiok partekatzen dugun konpromisoagatik eta bizitzako jarreragatik".

Txostena eskuragarri dauden azken datuekin egin da (2016), eta dakar arriskutsuak ez diren industria-hondakinak Euskadin sorkuntza gehieneko joera direla (guztizkoaren % 56) eta, ondoren, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (% 21) eta hiri-hondakinak (% 17,5). Hondakin arriskutsuak guztizkoaren % 5,5 dira.

Euskadin hondakinen erradiografiaren bereizgarri da lurraldearen industrializazioa;hondakin ugari sortzen dituzten sektoreen presentzia, besteak beste, siderurgikoa, eraikuntza edo papergintza;eta euskal herritarren erosahalmena, zeinak kontsumo handiagoa baitakar eta, ondorioz, etxeko hondakinez gainera, kontsumitutako ondasun eta zerbitzuen fabrikazioaren ondoriozko industria-hondakinen sorkuntza ere bai.

Europaren ikuspegitik, gaur egun Europar Batasuna eratzen duten 28 estatuek 1.798 milioi tona hondakin inguru sortzen dute urtean, eta per capita, batez beste, 1.000 eta 1.500 kilogramo bitartean, pertsonako eta urteko.

Europan, eraikuntza-sektorea sortzaile nagusiena da;izan ere, hondakinen ia erdia sortzen du (868 milioi tona). Beste erdia fabrikazio-prozesuetan sortutako hondakinen (255 milioi tona), herritarrek sortutakoen (209 milioi tona) eta hondakinen kudeatzaileek beraiek tratamendu-prozesuetan eragindakoen (201 milioi tona) artean banatzen da.

Hondakinen kudeaketa

Hondakinen kudeaketa dela eta, Euskadin birziklatzeko eraikitako azpiegiturak eta azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta laguntza ekonomikorako hartutako neurriak direla eta, gaur egun hondakinen % 60ren balorizaziora iritsi da. 3,5 milioi tona hondakin balorizatzen da eta 2,3 milioi tona inguru ezabatu (isuria eta ezabatzeko beste modu batzuk). Errausketa gutxieneko aukera da.

Europar Batasuneko estatu kideen egoera nabarmen aldatzen da. Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Holanda eta Suedia herrialdeek balorizazioaren % 80 gainditzen dute, dela materiala edo energetikoa, eta Bulgaria edo Grezia ez dira % 20ra iristen.

Hobekuntza-neurriak

2017ko Euskadiko Ingurumen Profilak ondorioztatzen du hondakinen hierarkiaren aplikazioa hobetu eta ekoizpen-sistema ekonomia zirkularra arautzen duten printzipioetara egokitu behar dela, ekodiseinua sustatu behar dela produktuen bizitza baliagarria luzatzeko neurriak sartzeko eta kudeaketa hobetu behar dela hondakin bilakatzean

Txosten horren gomendioak eta ondoriozko neurriak Europako Batzordeak ezartzen duen erronka nagusia betetzera bideratzen dira: % 10 murriztea 2035erako hondakinen isuria. Gaur egun, Euskadi hondakinen % 40 zabortegietan ezabatzen ari da.

Hori dela eta, profilak nabarmendu egiten du sortutako hondakinak kudeatzeko kudeaketa-hierarkia izan behar dela oinarri: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzea eta ezabatzea. Eta bereziki joera nagusien inguruan lan egiteko apustu egiten du, besteak beste, biohondakinen, EEHen, ontzien, TEEHen, lursail induskatuen, altzairutegiko zaborren, ore-paper lohien eta galdaketa hareen inguruan.

Profilak helburu horiek lortzeko gako gisa, besteak beste, gizarteko eragile guztiek ekonomia zirkularraren benetako aplikazioan duten erantzunkidetasuna aipatzen du (enpresak, herritarrak eta administrazioa).

Bigarren mailako materialen merkatua sustatzeko (lehengai gisa erabiltzen diren hondakinak) eta ekonomia zirkularraren zirkulua ixteko, Ingurumen Profilak gomendatzen du kalitatea areagotzea eta, horretarako, birziklapen-prozesuak hobetzea eta kalitatea arau teknikoen edo beste tresna batzuen bidez, besteak beste, Euskadin Plan horren esparruan garatzen ari direnen bidez, aitortzea.

Azkenik, berrikuntza eta inbertsioa sustatzeko beharra adierazten du;izan ere, funtsezko zeharkako neurriak dira ekonomia zirkularrean oinarritzen den ekoizpen-eredura aldatu ahal izateko.