Emakumeen Tolosako V. Sari Nagusia jokatuko da bihar

Hiru kategoriatan banatuta hamabi euskal taldek eta 90 txirrindularik parte hartuko dute 15.00etan hasiko den proban

Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Tolosa - Gipuzkoa-Ogi Berri txirrindulari klubak antolatuta, bihar jokatuko da Emakumeen Tolosako V. Sari Nagusia. 15.00etan hasiko da San Frantzisko pasealekutik abiatuta Emakumezkoen Euskal Txapelketaren baitan dagoen lasterketa.

Txirrindulariek hiru mailatan banatuta parte hartuko dute: kadeteak, juniorrak, 23 urtez azpiko eta eliteak. Kadete mailako lasterketak 60 km izango ditu;gazteenak, 76 km;eta eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindularienak, 114 km. Olatz Peon Tolosako alkateak berezitasun honi heldu zion atzo eginako aurkezpenean: “kategoria ezberdinak batera lehiatzea gutxitan ikusten den aukera da: 16 urtetik aurrera guztiak bat dira. Balio erantsia du horrek ere belaunaldien arteko zabalkundean, ezagupenen transmisioan eta harremanak sustatzean”.

Hamabi euskal taldek eta 90 txirrindulari inguruk hartuko dute parte: Allerru (Lezo), Gipuzkoa Ogiberri (Tolosa), Oriako Tx. Eskola (Tolosa), Bizkaia Murias (Uci Taldea), Bioracer (Bizkaia), Moreaga (Bizkaia), Sopela Womens Team (Bizkaia), Caf Turnkey Engineering (Bizkaia), Nafarroa Ermitagaña, Bizikleta.com, Arabarrak (Araba) eta Dc Ride-Vector (Nafarroa).

Nabarmentzekoak Tolosako txirrindulari parte-hartzaileak: Eukene Larrarte (23 urtez azpikoa), Espainiako txapelduna maddison frogan eta Europako pistako txapelketa absolutura doa;Izarne Maioz (juniorra), Euskadiko errepideko txapelduna, Espainiako pistako txapelduna taldekako abiaduran eta madissonean eta junior mailako Europako pista txapelketara doa;eta Garazi Estevez (kadetea), Galizian jokatu diren Espainiako txapelketan 2. sailkatu da. Euskal Herri mailakoak, aldiz, honakoak izango dira: Ane Iriarte, Lierni Lekuon, eta Ana eta Irene Usabiaga ahizpak. - M.S.S.