Hernanik kultura Ave Maria parkera eramango du

Udaleko sail desberdinetako teknikari eta politikariak atzoko aurkezpenean.

'Uda parkean' egitasmoa uztailaren 19tik 21era ospatuko da

Aitziber Muga - Jueves, 12 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Hernani - Uztailaren 19tik 21era Hernaniko Udalak Ave Maria parkean Uda Parkean programazio kulturalaren hirugarren edizioa burutuko du. Atzo, aurkezpenean, Luis Intxauspe alkateak azpimarratu zuenez, egitarau honetan udal sail ezberdinek parte hartu dute.

Hiru egun horietan adin desberdinetarako zortzi ekitaldi egongo dira. Gainera, parkean afaldu daiteke. Norberak berea ekarri dezake etxetik edo bertan erosi daiteke, Lakari kooperatibak sasoiko eta bertako jakiak eskainiko baititu.

Egitarauari dagokionez, uztailaren 19an 18.30ean Ttapa-Ttapa taldekoak Euskal Abenturan dabiltzan gazte talde batekin elkartuko dira eta herrian zehar ibilaldi bat egingo dute, Atsegindegitik Ave Maria parkeraino. Ibilaldi hau musikatua izango da, Broken Brothers Brass Band Iruñeko taldeari esker.

Ondoren, 20.00etan Ganso&Cía taldeak bere ikuskizun berria, Babo Royal, aurkeztuko du. Hitzik gabeko kale antzerkia da, baina umorez josita eta musika ere izango duena.

Egunarekin amaitzeko, 22.00etan, Koban taldearen kontzertua izango da. Zazpi kidetik, bost emakumeak dira.

Uztailaren 20an 19.00etan Xip Xap taldeak Transhumancia txotxongilo ikuskizuna eskainiko du. Jarraian, 20.00etan Errenteriako Kukai dantza taldeak Brodas Bros Bartzelonako hip hop talde ospetsuarekin batera Topa lana aurkeztuko du. Amaitzeko, 22.00etan Paddington 2 pelikula botako dute.

Azkenik, hilaren 21ean 20.00etan zirkoa izango da La Trócola Circ konpainiarekin eta 22.00etan Imanol Jazz kontzertua izango da.

Secciones