Laneratzeko enpresetarako lankidetza-formula berriak aztertzen

Jueves, 12 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:32h.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur goizean, GIZATEA-Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin batu da;bertan, 42 enpresa taldekatzen dira, eta horien helburua da enplegu-aukerak ematea gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei eta, horretarako, lankidetzarako formula berriak aztertzea.

Bileraren aurretik, bisita egin da Bizkaiko laneratzeko hiru enpresatara;bertan, Beatriz Artolazabalek xehetasunez ezagutu du enpresa horiek gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta gero enpresa arruntean sartzeko egiten duten lana.

Bisita Berziklatun (Ortuella) hasi da, hiri-hondakinen eta tamaina handiko hondakinen kudeaketa integralaz arduratzen den laneratzeko enpresan;bertan, Bizkaiko Aldundiak parte hartzen du, sustatzaile gisa, Garbiker sozietate publikoaren bitartez.

Jarraian, Artolazabal sailburuak, Marcos Muro eta Lide Amilibia sailburuordeekin, Amaia Arteaga eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiarekin batera, Bioeskola BBK proiektua bisitatu du, 30.000 m2-ko nekazaritza-ustiategi ekologikoa, Zamudion;hura Emaus Nekazaritza Zerbitzuak laneratzeko enpresak kudeatzen du. Amaitzeko, Izarza jatetxea (Sondika) ezagutu dute, ekitaldietan espezializatutako laneratzeko enpresa, zeinak ostalaritza-eskola ere baitu-

Bileran, Gizateak 2017ko Gizarte Memoriaren datuen aurrerapena aurkeztu du;bigarren urtez jarraian, krisiaren urterik gogorrenen ondoren, bilakaera positibo argia erakusten dute ekonomia- eta gizarte-adierazle nagusietan.

Laneratze-enpresak irabazi-asmorik gabeko ekimen ekonomikoak dira;enpleguaren eta gizarte-inklusioaren eremuan espezializatuta dauden erakundeek bultzatu ohi dituzte. Gizateako arduradunek azaldu bezala, merkatuan beste edozein enpresa gisa dihardute, eta gizarte- eta prestakuntza-laguntzako ibilbide pertsonalizatuaren bidez -gehienez hiru urteko iraupena-, gizarte-bazterketarako arriskuan dauden langabeen enplegagarritasuna hobetzen dute eta horiek laneratzea eta gizarteratzea lortzen dute.

Enplegu berriak

Enpresa horiek, 2017an, 1.162 enplegu sortu zituzten;horietatik, 702 laneratzekoak, eta krisi ekonomikoaren aurreko mailetara itzuli zen, horrela. Gainera, laneratze-enpresak DSBEren hartzaile diren pertsonen lan-aktibaziorako tresna eraginkorra dira. 2017an, gainera, laneratzeko prozesuan zeuden langileen % 78 aurretik laguntza hori jasotzen zuen.

Gizatean, hala ere, laneratze-enpresek egiten duten prebentzio-eginkizuna nabarmendu dute;izan ere, gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna eta lan-merkatura jotzeko aukerak hobetzen dituzte, laguntzen hartzaile izan ala ez.

Datuek zehazten dute 2017an laneratzeko prozesua amaitu zuten pertsonen % 69 lan-merkatu arruntera sartu zela;horrek esan nahi du % 7ko igoera egon dela, 2016aren aldean, eta % 28koa, 2012aren aldean;2012an, zentzu horretan nabaritu ziren gehien krisiaren eraginak.

Gizateari elkartutako 42 enpresek 2017an diru-sarrera guztien 30M/€-ak gainditu zituzten, eta, gaur egun, bere fakturazioaren % 82 sektore pribatukoa da eta % 18 sektore publikokoa.

Artolazabalekin batera, Marcos Muro Enpleguko sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendaria izan dira;horiek Marijose Rodrigo GIZATEA-Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkarteko presidentearekin, Leire Álvarez de Eulate kudeatzailearekin, Josetxu González eta Rosa Gil Zuzendaritza Batzordekoekin batu dira, enpresa horiek aztertu eta hurbiletik ezagutzeko eta lurraldean enplegu inklusiborako aukera gehiago sortzen lagunduko duten lankidetza-formula berria bilatzeko.