Euskadik Gales gehitu du munduko eskualde liderrekin osatuta duen Aliantza Estrategikoan

Carwyn Jones eta Iñigo Urkullu Galesen. (Irekia)

Jueves, 12 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:39h.

Galesera egindako bigarren bisita ofizialaren jardunaldian, Lehendakaria Carwyn Jones ministro nagusiarekin batu da, eta lankidetza memoranduma sinatu dute. Galesek bat egin du, horrela, Euskadi munduko eskualde liderrekin garatzen ari den Aliantza Estrategikoen Sarearekin. Akordioaren bidez, bi aldeen helburua da zenbait gairen inguruko alde biko harremanetan sakontzea: garraioaren azpiegiturak, berrikuntza, itsas energiak, nekazaritzako elikagaien industria, prestakuntza, zerga-politika, gizarte-politikak eta klima-aldaketaren aurkako borroka.

Era berean, Euskadik eta Galesek, beste bost gobernurekin batera, proposamen formala egin diote Europako Batzordeari, legegintzako botereak eta errealitate nazional bereziak dituzten eskualdeen eginkizuna sendotzeko.

Cardiff-en, Galesko Biltzarraren egoitzan egindako topaketan, Lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izan dira. Bilera amaitu ondoren, ministro nagusiak eta Lehendakariak akordioa sinatu dute. Lehendakariak azken urteotan zehazten joan den lankidetza egituratzen duen itun honen balioa nabarmendu du.

Lehendakariak esan du, Brexitaren ondoriozko erronka eta ziurgabetasunak gorabehera, irekitzen diren aukera berriak aztertu behar direla. Akordio horren bidez, lankidetza-bideak irekitzen dira politika fiskalaren eta zerga-politikaren eremuetan, hezkuntzaren, prestakuntzaren, teknologiaren, ingurumenaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren, itsas energien edo mugikortasuneko eta garraioko azpiegituren edo osasunaren eremuetan, besteak beste. Halaber, kultura edo hizkuntza-politikaren arloetan ere trukeak eta lankidetzak aurreikusten dira. "Mailaz mailako optikatik lankidetzan jardutea planteatzen dugu;hasteko, elkar hobeto ezagutu eta lan egiteko osagarritasun-eremuak bilatzea", esan du Lehendakariak.

EUROPAKO BATZORDEARENTZAKO PROPOSAMENA

Galesek eta Euskadik, halaber, Europako esparruan lankidetza gehiagoko handinahia ere partekatzen dute. Galesek, Euskadik, Brusela hiriburuak, Flandesek, Nafarroak, Piemontek eta Salzburgok Europako Batzordeari legegintzarako eskumenak eta errealitate nazional bereziak dituzten eskualdeen eginkizuna sendotzeko proposamen formala egin diote. Lehendakariak azaldu duen bezala, zazpi gobernuek Europako Batzordeari eskatu diote "maila anitzeko gobernamendu-eredua errealitate eraginkor bilakatzeko beharrezko erabakiak hartzeko". Zehazki, Lehendakariak proposatu du Maila anitzeko gobernamenduari buruzko Konbentzioa abiaraztea, Europako Konbentzioaren subsidiariotasuneko lantaldeak aurreratutako emaitzei helduko diena;zehazki, Eskualde Elkartuaren irudiari buruzko Lammassoure txostenari. Ideia hori jaso zen aurtengo martxoan aurkeztu zen Europari buruzko Ikuspegiaren dokumentuan.

ALIANTZA ESTRATEGIKOEN SAREA: GALES

Gales lehentasunezko bazkide gisa dago identifikatuta Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategian. Hala katalogatu da, geografikoki hurbil dagoelako, sektore anitzeko loturengatik eta identitate handiko lurraldea delako. Akordio honen bidez, Gales Euskadiko Aliantza Estrategikoen Sarean sartuko da. Sareak, gaur egun arte, mundu mailan 7 kide ditu: Quebec, Akitania Berria, Bavaria, Flandes, Querétaro, Jiangtsu eta Cundinamarca.

Gales nazioak 3,1 milioi biztanle eta 20.782 km koadro ditu. Galesko estrategia nazionalak bere gobernuak zehaztutako ongizatea lortzeko dituen lehentasunak honako hauek dira, besteak beste: industria, berrikuntza, mugikortasuneko eta garraioko azpiegiturak, gizarte-politikak eta familia-kontziliazioko politikak eta fiskalitatea. Azken arlo hori dela eta, Ogasun Ministerioa (2016an sortu zen) hasi da bere zergak biltzen, 2018ko apirilean, eta Galesek erakutsi du interesa duela Euskadiko Ekonomia Itunaren kudeaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

TOPAKETA BILTZARREKO PRESIDENTEAREKIN

Ministro nagusiarekin batu eta akordioa sinatu aurretik, Lehendakariak topaketa izan du Elin Jones Galesko Biltzarreko presidentearekin;berak gidatu du ordezkaritza Biltzarraren eraikinetik eta berak azaldu dizkie ganberaren funtzionamendua eta haren arkitekturaren ezaugarriak.

Azkenik, Lehendakariak lan-bilera izan du Biltzarreko alderdietako kideekin.

Secciones