Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak hitzarmena bat izenpetu dute

Eneko Goia eta Estefania Beltran de Heredia. (Irekia)

Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:17h.

DONOSTIA. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Donostiako alkate Eneko Goiak oinarrizko lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute gaur goizean Donostiako Udaletxean. Bertan arautzen da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako eta koordinaziorako bidea, eta helburua du lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea.

Orain arte hainbat protokolo eta akordio heterogeneo formalizatu dira helburu bereziekin, hala nola, Segurtasun Sailaren TETRA sarera (Enbor Sarea) sarbidea ematea, udaletako gizarte-zerbitzuekin lankidetzan jardutea, genero-indarkeriako kasuetan esku hartzea edo drogak eta substantzia psikotropikoak edukitzeagatik eta kontsumitzeagatik irekitako zehapen-espedienteetan aditu-txostenak egitea. Aurtengo otsailean beste oinarrizko hitzarmena bat sinatu zen EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearekin polizien arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko, borondatez atxikitzen diren udaletan. Hitzaremenak sinatuta, urrats berria egiten da hiriburuekiko lankidetzan, kasu honetan Donostiako Udalarekin eta bere udaltzaingoarekin.

"Aurrez egiten eta bultzatzen ari ginen ekimen asko berresten ditu hitzarmenak eta, etorkizunari begira, lankidetza-esparru iraunkorrago bat ezartzen du", adierazi du Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasun Sailburuak, eta bide batez gogorarazi du: "segurtasun publikoa guztion ondasuna da eta hala ikusi, erabili eta kudeatu behar dugu, geure arteko elkarbizitzaren eta geure ongizatearen zutabeetako bat bezala".

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, azpimarratu du bi erakundeen arteko hitzarmen honek "baliabideak eta poliziaren zerbitzuak hobeto kudeatzea" suposatuko duela, eta horrek "ziur, herritarren ongizatea hobetuko duela". Alkateak adierazi du Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak "denbora asko" daramatela elkarrekin lankidetzan, bai ekitaldi garrantzitsuen segurtasun operatiboak antolatuz, baita nazioarteko terrorismoaren meatxuaren aurrean eman beharreko erantzunean ere.

"Helburua da lankidetza hori indartu eta hobetzea, leku gehiagotara erantzun eraginkorrago batekin heltzeko, hasi delinkuentzia txikitik eta jenero indarkeria bezalako fenomenoetara iritsi arte, ezin baitugu esijentzia maila jeitsi poliziak egin beharreko lanari dagokionez", esan du Goiak.

Jarduera irizpideak

Ekainaren 28ko 15/2012 Legeak, Euskadiko Segurtasun Publikoa Antolatzekoak, lurralde historikoetako hiriburuetako udaltzaingoekin egiten diren hitzarmenetan honakoak jasotzeko aukera ematen du: hiritarren segurtasuna bermatzeko zerbitzu eta zereginetan parte hartzea, hurbileko polizia gisa, eta polizia judizialaren lanak egitea, parte-hartze horren eremu materialaren barruan definitu eta mamituko diren arauen arabera.

Gaur berretsi den hitzarmenak EAESPALren 3. artikuluan xedatutakoari jarraitzen dio, eta jarduteko irizpideak ezartzen dira bertan:

a) Herritarrei bermatzea poliziak sentsibilitate goreneko erantzun azkar, bizkor eta eraginkorra emango diela.

b) Kalitatea eta efizientzia bermatzea delituaren biktimei arreta ematerakoan eta horiek babesterakoan

c) Leialtasun instituzionala izatea eta elkarrekin elkarlanean aritzea. Hori gauzatzeko bi kidegoek elkarri laguntza eta babesa emango diote, talde bakoitzari legez esleitu zaizkion funtzioak eta baterako ohiko funtzioak egiten direla bermatzeko

d) Gertuen dagoen edo baliabideak mobiliza ditzakeen polizia-kidegoak esku hartuko du aurrena, ekintza horren gaineko eskumenik izan ez arren, eskumena duen indarra iritsi eta horren ardura hartzen duen arte, hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera. Gainera beste polizia-kidegoarekin lankidetzan aritu beharko du, batez ere segurtasun publikoarekin lotutako zereginetan, horretarako deitzen zaionean

e) Herritarren segurtasuna eta bizikidetza normala bermatzeko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzea

f) Herritarren segurtasunean zuzeneko eragina duten arazoen aurrean arreta eskaintzen duten gainerako baliabide publikoekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea.

Polizia baten eta bestearen zerbitzuak ere mugatzen dira hitzarmenean, lege-ordenamenduak esleitzen dizkien funtzioen arabera, bai eta bi polizien dispositiboak, operazioak eta intzidentziak ere euren titulartasunaren arabera (esklusiboak, partekatuak edo konplexuak). Era berean, presentzia polizialaren estandar orokorrak ere ezartzen dira, lehentasunak bakoitzaren eskumenen arabera zehaztuta, udalerri guztian poliziaren presentzia jarraitu eta nabaria bermatzeko.

Informazioa trukatzea

Segurtasuneko sailburuak eta Donostiako alkateak gaur berretsi duten agirian polizia-intereseko informazioa, bai aldizkakoa bai polizia-intereseko gertaera jakinei buruzko berehalako informazioa, trukatzeko mekanismoak ere jaso dira, bai eta presazko polizia-komunikazioen protokolo bat ezartzeko aukera ere.

Hitzarmen honetan ezarritako helburuak betetzea errazteko, aldeek beharrezko neurriak hartuko dituzte Udaltzaingoa Euskadiko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan integratzeko, dagozkion protokoloak izenpetuz.

Koordinazio operatiborako mahai paritarioa sortzea ere aurreikusten da, besteak beste, intzidentzia-tipologia askotarikoak sailkatzeko, dispositibo bateratuak planifikatzeko eta dispositibo eta operazioen titulartasuna esleitzeko.

Testuan planteatzen da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren komunikazio-zentralen arteko komunikazioa bermatzeko hartu beharreko neurri teknikoak hartzea.

Gainera, hitzarmena izenpetzen duten aldeek adosten dute Udaltzaingoak polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea alde biek erabakitako gaietan eta erantzukizunarekin, eta hitzarmenean aurreikusitako irizpideei jarraituz, Udaltzaingoaren ahalmenak kontuan hartuta. Bi aldeen arteko akordioaren bitartez, polizia judizialaren alorrean koordinazio operatiboko zentroa eratu ahal izango da, polizia-jardun koordinatua bermatzeko.

Hitzarmenean aipatzen den beste alderdi bat da polizien arteko lankidetzaren emaitzak ebaluatzeko adierazleak ezartzea, besteak beste, honako alderdiak kontuan hartuta: krimenaren eta indarkeriaren indizeak, segurtasun-faltaren pertzepzioa, poliziaren eta komunitatearen arteko harremanak, poliziaren jarduna eta horren kudeaketa instituzionala.

Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzeko, hitzarmena interpretatzean sortzen diren zalantzak argitzeko, hitzarmena betetzean sor daitezkeen desadostasunak ebazteko, hitzarmena nola doan aztertzeko eta, hala badagokio, hobekuntzak egiteko proposamenak egiteko.

Secciones