GIZARTEA

Lazkaoko Miszelania eta Koboloi, denda singularrak

Gipuzkoako merkataritza federazioak atzo banatu zituen errekonozimenduak

M. Aranburu - Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

lazkao - Beasaingo hiru denda eta zerbitzuk Singular Denden errekonozimendua jaso ostean, atzo Lazkaoko merkatarien txanda izan zen. Gipuzkoako Merkatari Federazioko Rosa Martin ordezkaria izan zen bereizgarri hori banatzen, Iñaki Estensoro zinegotziarekin batera. Kasu honetan, bi zerbitzuk lortu dute diploma: Miszelania Concept Store dendak eta Koboloi jostailu dendak.

“Lazkaon 2015ean hasi eta 2019ra bitartean gestio planaren barruan hainbat ildo estrategiko zehaztu genituen eta horietako bat merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen indartzearen aldeko apustua egitea izan da”, agertu zuen Estensorok. Bide horretan, Lazkaok egitasmo eta proiektu ugari egiten ditu urtero herritarrek herrian bertan kontsumitu dezaten;hala nola, fidelizazio kanpainak, establezimendu berrien irekierarako diru-lagun-tzak, Gabonetako kanpaina eta erosketa bonuak egiten dituzte herrian. Horiek, “bi jomuga” dituztela nabarmendu zuen zinegotziak. Alde batetik, herrian dagoen eskaintza zabaldu eta ezagutzera ematea da, “herritarrentzako zerbitzuak eskaini eta sustapen ekonomikoa” direlako. Bestetik, herritarrengan lortu nahi duten efektua zein den azaldu zuen Estensorok: “Kontzientziazioa dugu helburu. Merkataritza mantentzeak herria bizirik mantentzea esan nahi du”.

Horregatik duela urtebete inguru Federaziotik egitasmoaren berri eman ziotenean dudarik egin gabe parte hartzea erabaki zuen Lazkaoko Udalak. “Sektoreak interesgarri-tzat jo zuen Singular Denden proiektu hau”, esan zuen Estensorok.

lehen bi dendak Gauzak horrela, sarituak izan diren denden arduradunak ekitaldian izan ziren. Miszelania dendako proiektua abian jarri zuen Ainitze Korta eta pozik agertu zen. Arropa eta bixiez gain, etxeak apaintzeko gauzak saltzen ditu. Gainera, produktu lokalen alde egiten du Kortak eta dendak sartu bezain laster ikusi daiteke kontu eta gustu handiarekin aukeratzen dituela bere dendan salgai jartzen dituen produktu guztiak. Lazkaoko Koboloi jostailu denda ere Singular Denda izango da hemendik aurrera. Bertan ez dira haurrentzako jostailu soilak aurkitzen, beti helburu sozial eta pedagogikoak daudenak baitaude, haurren garapenean onurak ekarri ditzaten. Kalitatea ere nabarmena da aukeraketan eta denda ere modu egokian dago antolatuta. Jostailu komertzialak albo batera utzi eta produktu originalak eskaintzen dituzte bertan. Mireia Estevez arduraduna ere pozarren aurkitu zen errekonozimendua jasotzen.

barnealdea bultzatuz Martin ordezkariak bi komertzioak eta Udala bera zoriontzeaz gain, aurreratu du Goierri eta barnealdeko turismoa bultzatzeko hainbat neurri hartzen ari direla: “Eskaintza turistikoaren barnean sartu nahi ditugu komer-tzio hauek eta Donostiara etortzen diren turista guztiei kostaldea erakusteaz gain, barnealdean dugun aberastasun guztiaz ere mintzatu behar diegu, eta erakutsi zergatik diren Singulak Dendak, bereziak eta esentziadunak direlako”.

Goierrin hiru herritan banatuko dituzte Singular Denden errekonozimenduak. Beasain eta Lazkaokoak dagoeneko eman dituzte ezagutzera eta bihar Ordiziako txanda izango da. Herrian lehen aldiz bereizgarria jasoko duten zerbi-tzuak zeintzuk izango diren agertuko dute bertan.