Euskaltzaindiak eta Hezkuntza Sailak elkarlana indartuko dute

Andres Urrutia eta Cristina Uriarte. (Irekia)

Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:19h.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak erakunde bien arteko akordio berri bat sinatu dute gaur goizean Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian.

Pasadan maiatzak 29an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan aurkeztu eta onartu zen hitzarmen proposamena. Gaurko sinadurak akordioa berretsi egiten du, eta bertan jasotakoa indarrean jarri.

Akordioak Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren koordinazioa eta lankidetza indartzea bilatzen du, Hezkuntza Sailak azken hamarkadetan martxan duen EIMA programaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak, Unibertsitate aurreko euskarazko ikasmaterialgintza babesteko, indartzeko, garatzeko eta diruz laguntzeko eratu zuen EIMA programa, Euskararen Normalizaziorako Legean oinarrituz.

 Martxan jarri zenetik gaur arte, Euskaltzaindiak eta EIMA bultzatzen duten Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuko arduradunek bultzatu izan dute elkarlana;argitaratzen joan izan diren ikasmaterialak egokiak eta kalitatezkoak ziren ziurtatzeko batez ere.

Orain sinatutako hitzarmenak, bien arteko elkarlana sakontzeko aukera eskainiko du. Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Besteak beste:

Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako. Euskaltzaindiak abian duen Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmoan lankidetzan arituko dira bi erakundeok. EIMAk Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmorako baliagarria izan daitezkeen materialak Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu, Euskaltzaindiak, beharrezko irudituz gero, balia ditzan.

EIMAk egiten duen ikasmaterialen hizkuntza-kalitatearen gaineko lanean Euskaltzaindiarekiko koordinazioa ahalbidetzeko.Hezkuntza Sailaren Euskara zerbitzuak dituen eta jasotzen dituen zalantzak partekatzeko eta bideratzeko.Bi aldeek Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, EIMAk argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzeko adostasuna erakusten dute.

 Bestetik, akordio honek beste eduki batzuk ere jasotzen ditu: Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa, EIMAk bere eguneroko jardunean sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ekintzetan, Euskaltzaindiaren irizpideak aintzat hartzeko konpromisoa, EIMAk dituen kontsultak eta iradokizunak Euskaltzaindiari bideratzea, sinatzaileek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzea, edota euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa.

Andres Urrutia euskaltzainburuak aipatu duenez, "hezkuntza klabea da hizkuntza baten hedapen eta indartze prozesuan. Horregatik, akordio honek berebiziko garrantzia du Akademiarentzat. Mendeurrenaren karira, Euskaltzaindiak argi ikusten baitu euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek duten irismena eta pisua. Gainera, Hezkuntza eragileekin batera jokatu nahi du Euskaltzaindiak, horien guztien ekarpenak jasotzea oinarrizkoa baita, gerora euskararen aurrerabidean zeresana izango dutelako".

Uriarte Sailburuaren esanetan, “imajinatuko duzue zein garrantzitsua den gure gazteek, gure ikasleek, behar bezalako materialak izatea;euskaraz ondo landutakoak, araudia betez. Eta ahalik eta gai eta eduki gehienetara iritsiko direnak. Hizkuntza baten normalizazio prozesuan gauza gutxi izango dira hau baino garrantzitsuagoak (…)Hori da, hain zuzen ere, gaur adostutakoaren helburua. Euskarazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak ematen digun bermearekin” .

 Uriarte Sailburuak eta Urrutia Presidenteak sinatutako hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, iraupen bereko ondoko epealdietan luzatu ahal izango delarik.

Secciones