POLITIKA

Ordiziako EH Bildu “pozik” dago San Bartolomeko obrekin

Ordiziako alderdiak agertu du “atzerapenak atzerapen gustura” daudela obra amaitu delako

M. Aranburu - Martes, 10 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ordizia - Guztiz amaituta daude Ordiziako San Bartolome auzoan azken hilabeteetan egin dituzten hobekuntza obrak. Duela aste batzuk jarri zuten abian proiektu berria eta dagoeneko jendea normaltasunez egokitu da berrikuntzetara. Gauzak horrela, auzoko sarbidea berritu da, baina aldaketa nabarmena trafikoaren norazkoan izan da, izan ere, sar-tzerako orduan bertan dagoen supermerkatu aurretik pasa behar da, aparkalekura iritsi eta semaforo batera iritsi arte. Bertatik, baina, herrigunerako bidea edo berriz ere auzotik N-I errepidera ateratzeko aukera dago, ordiziarrek galdeketa baten bidez hala nahi izan dutelako.

Gauza jakina da Ordizian Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean adostasun falta ugari izan direla, batez ere legegintzaldi honetan. Hala ere, EH Bilduk San Bartolomeko obraren inguruan bere iri-tzia helarazi du eta gauza batzuekin ados egon ez diren arren. “Atzerapenak atzerapen oso pozgarria da guk geuk sustatu genuen egitasmo hau burutua ikustea”, azaldu dute bertako ordezkariek.

Atzera begira jarri da oposizioa eta hala gogorazi dute, orduko erabakien inguruan zorrotz mintzatuz: “2013an, irisgarritasun eta mugikortasun arazoak konpontzeko, Ordiziako lehenengo Mugikortasun Iraunkorreko Plana onartu genuen. Jendaurrean aurkeztu zen eta herritarrek burutu beharreko ekintzak lehenesteko galdetegia bertan izan zuten. Zoritxarrez, garai hartako PSE-EE eta EAJren oposizioaren aldetik inongo ekarpenik ez zen egin, eta EH Bilduk osatzen zuen Udal Gobernuak prentsaren bidez soilik jaso zuen EAJren kritiken berri”.

Hala ere, aurtengo legegintzaldian gai honen inguruan hartutako erabakiekin pozik agertu da oposizioa: “Oraingo honetan PSE-EE eta PNVk osa-tzen duten Udal Gobernuak bat egiten dutela ikusteak poztasunez bete gaitu. Zorionez, Plan horretan oinarrituta, San Bartolome auzoari mugikortasun irtenbide egoki bat ematen hasi zaio, oinezkoen mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz”. EH Bilduren ustez, garapen horri esker, eta etorkizunean etorri beharko luketenei esker, hala nola San Bartolome Tximistarekin trenbidearen azpitik lotzean, “Ordiziaren barneko trafikoa hobeto antolatzeko modua izango da”.

Obra hauek atzerapenak izan dituzte eta horiek “aipatu gabe” ezin direla utzi aitortu dute. Erreferentzia egin diote Aldundiak proiektu honetara bideratutako dirua, 266.186,42 euro, ez zela erabili abendura bitartean eta gorabeherak egon direla: “Udalak egin beharreko obrak atzeratuta egonda, diru-partida osoa erabili beharrean, 159.711,85 euro erabili ziren, eta gainontzekoa, 106.474,57 euro, Aldundiak onartu du ez zela erabili “beste inolako jarduketarik finantzatzeko”. Horregatik, obrak bukatu ahal izateko, Diputazioak 2018ko aurrekontuetan beste partida berri bat sortu behar izan zuen, 150.000 eurokoa”.

Halere, proiektua amaituta ikustea “pozgarria” dela nabarmendu du oposizioak. Tira-bira ugari izan badira ere, badirudi orain arte harrotuta egon diren hautsak bere onera itzultzen ari direla eta alderdien arteko tentsioa lasaitu dela.