Iritzia

Gazteen hizkuntza gaitasuna hizpide

Erramun Osa - Martes, 10 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:48h.

Duela zenbait urte, eskolako gazteen hizkuntza gaitasun erlatiboa zergatik zen jasoagoa eta denboraren joanean zergatik apalduz joan da? Halako galderak egin ohi direnean bi jarrera azaldu ohi dira. Alde batetik, Hezkuntzak “ez du bere funtzioa betetzen” baieztapenarekin laburbildu daitekeena, beraz, halakoak esaten dituztenen aldetik, bestelako neurriak hartu behar dira ustezko betekizun hori gure hezkuntza sistemak bete dezan. Beste aldetik, badira aurreko baieztapenaren sinplekeria alboan laga eta haratago begiratzeko joera dutenak.

Hezkuntzan ari diren profesionalen gaitasuna ez da sasoi batekoena baino eskasagoa, nire ustez. Eskuartean erabiltzen ditugun metodologiak, materialak eta azpiegiturak duela zenbait hamarkadetakoak baino hobeak dira. Ondorioz, zer gertatzen ari da... eta zeintzuk dirateke gaur egungo gabeziei aurre egin ahal izateko balizko sendabelarrak? Esango nuke, jazotzen ari dena ikasleen ezaugarriekin zer ikusi zuzena daukala. Izan ere, garai batean, euskarazko ereduetara hurreratzen ziren ikasle gehienak eremu euskaldunetakoak ziren, gizartean oro har euskaraz jarduteko eta familian euskaraz aritzeko egiazko aukerak zituzten.

Denborarekin, ordea, euskarazko ereduak hedatu eta nagusitu ahala, euskarak dentsitate urria daukan eremuetako ikasleak bilakatu dira euskarazko ereduen jaun eta jabe... baina, hauek eskolatik kanpo euskaraz aritzeko aukera oso urriak dituzte eta familia elebidunetan edo erdaldunetan bizi dira -esan gabe doa, familien ezaugarri ekonomikoek eta kulturalek ere eragina dutela emaitzetan-. Egoera honek gure lehentasunak birpentsatzera eraman behar gaitu. Izan ere, errealitateak agerian uzten digu hezkuntzari agindu diogun egitekoa -bidenabar esanda, hezkuntzaren parametroetan ezohikoa dena- betetzeko, hezkuntza, bera bakarrik, ez dela gauza. Gure gizarteak hezkuntzari ezarri dion egitekoa beteko badu, alboan behar ditu euskarazko dentsitate handiko eremuak - besterik ezean, funtzionalak-, erabilerarako jauzia ahalbidetu eta beste eremuetan dauden gabeziak orekatzen saiatuko direnak.

Euskarazko aisialdia orokortzeaz, lan munduan euskarari toki duin eta egokia egiteaz, administrazioan nagusiki euskaraz funtzionatuko duten atalak identifikatzeaz eta orokortzeaz eta abarrez ari naiz. Eta erronken artean, migratzaileen kontua ere badugu. Badakigu migratzaile gaztelaniadunen kasuan, gaztelania bilakatzen dela eskolako ikasleen harreman-hizkuntza nagusia. Aitzitik, bestelako hizkuntzak tarteko direnean, harreman-hizkuntza euskara bihurtu ohi da. Ondorioz, egokia da eta zuzen, migratzaileei euskarazko trebakuntza indartua eskaintzea. Albait arinen eskolako harreman-hizkuntza euskara bilaka dadin, Hezkuntza Salak iragarri duen bezala.