Jesuiten Unibertsitateen Munduko Batzarraren inaugurazioa ospatu da gaur

Lunes, 9 de Julio de 2018 - Actualizado a las 18:05h.

Felipe VI.a Espainiako erregea eta Iñigo Urkullu lehendakaria buru zirela egin da gaur goizean Jesuiten Unibertsitateen Mundu Batzarraren (IAJU) inaugurazio-ekitaldia. Horiekin batera izan da Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua. Lehendakariak, ekitaldian, planteatu du "sortzen ari diren erronkei, "obra" bidez erantzutea, aniztasunaren kudeaketa positiboaren bitartez eta elkartasuna sustatuta".

Deustuko Unibertsitatean, Bilbon, "Elkarrekin mundua aldatzen" lelopean egindako ekitaldian, lehendakariak gogorarazi du Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean onartu zuen garapen iraunkorrerako 2030 Agenda. Hartara, Giza Garapen Iraunkorreko eredua nabarmendu du. "Pertsona oinarri duen munduaren ikusmoldea partekatzen dugu. Planetaren babesarekin eta bakean bizitzearekin konpromisoa duen ikusmoldea eta, itunetan, elkarlanean edo lankidetzan oinarritutako eredu baten bidez, Euskadiko "auzolanaren" bidez, oparotasuna sortzeko gauza den ikusmoldea" adierazi du.

Ildo horretan, lehendakariak Giza Garapen Iraunkorreko eredu horren lehentasunak eman ditu aditzera: pertsona guztiei funtsezko zerbitzuak bermatuko dizkien giza garapena, eta berdintasuneko eta kalitate handiagoko enplegu-aukerak sortuko dituen hazkunde iraunkorra.

Lehendakariak, Gianfranco Ravasi kardinalaren "Jesuiten Unibertsitateen egitekoa paradigma soziokultural berrian" txostena aipatuz, azaldu du haren gogoetaren oinarri diren gaiak ere euskal gizarteak etorkizunera begira dituen kezken eta erronken parte direla.

"Interes handiz hartu dugu "lidergo politikoaren eta zibikoaren prestakuntzari" buruzko haren gogoeta, gure proiektua balioetan finkatzen baita: nortasunean, pertenentzian, lanaren kulturan, seriotasunean, elkartasunean. Balio horiek dira gizarte ireki, arduratsu, zuzen eta fidagarri baten aktiborik onenak" adierazi du lehendakariak.

Gainera, "marjinatuen heziketari edo ekonomia- eta ingurumen-justiziari" buruzko gogoeta aipatuz, aditzera eman du pertsona dela 2030 Agenda proiektuaren ardatz nagusia. "Euskadin, gure aurrekontuaren bi heren bideratzen dugu gizarte-politiketara, gizarte kohesionatuagoaren eta zuzenagoaren eraikuntzan aurrera egiteko. "Obrak" dira horiek" erantsi du. Hartara, lehendakariak migrazio-errealitate berriekiko eta errefuxiatuekiko elkartasun-konpromisoa nabarmendu du.

Era berean, lehendakariak "Erlijio arteko ulermenari eta elkarrizketari" eta "Bakeari eta adiskidetzeari" buruzko gogoetak ere aipatu ditu. "Gure egitekoa da elkarrekin lan egiten jarraitzea, Euskadin bake-kultura indartzeko eta giza eskubideen eta pluralismoaren errespetuan oinarritzen den elkarbizitza finkatzeko" azaldu du.

Azkenik, lehendakariak "Europako etorkizunaren ikuspegiaren" onarpena gogorarazi du. Aditzera eman du lehentasuna eman nahi zaiela ongizate-sistemak sendotuko dituzten gizarte-dimentsioko politikei, eta, hartara, "obra" bidez erantzun nahi zaiela gazteen, emakumeen eta denbora luzez langabezian daudenen lan-munduratzeari. "Populazioaren zahartzeari eta erronka demografikoari aurre egiteko erantzunak proposatzen ditugu, familientzako eta kontziliazioarentzako politiken bitartez" erantsi du. Amaitzeko, lehendakariak adierazi du "gure ideiak sozialak dira eta gure eredua lankidetza da".