Herriko Loreak

“Azkoitiko kultur eta kirol arloetako 60 bat norbanako eta eragilek beren jarduera aterako dute kalera irailaren 15ean”

Herritik eta herrirako sortu den Herrikoloreak proiektua aurkezteko festa egongo da irailaren 15ean Azkoitian. Ekitaldiak “etengabe” izango dira jardunaldi osoan zehar

Jabi Leon - Domingo, 8 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

azkoitia - Kultur eta kirol arloetan lan egiten duten Azkoitiko norbanako eta eragileek beraien arteko elkarlana eta harremanak sendotzeko Herrikoloreak egitasmo berritzailea sortu dute. Hori aurkeztu eta gizarteratzeko jai erraldoia antolatu dute irailerako. Herritar guztiak gonbidatuta daude Azkoitiko bazter guztiak hartuko dituen festa horretan parte har-tzera.

Non kokatzen da Herrikoloreak proiektuaren abiapuntua?

-Ekaitz Arrese: Ideia urte honen hasieran ibai ondoan, Azkoitiko malekoian, lagun artean berbetan geundela jarri zen mahai gainean. Herrian kultura bultzatzeko zerbait egin beharra zegoela ikusten genuen.

Eta hortik aurrera zer?

-Oihana Izagirre: Herriko kultur eta kirol arloetan lan egiten duten norbanako eta taldeekin hitz egiten hasi ginen, ideiak eta atxikimenduak jaso-tzeko.

-Inge Beloki: Era berean, beste herrietako ereduak eta Azkoitian bertan aurretik izandako bestelako esperien-tziak begiratu genituen.

Poliki poliki eta elkarlanaren bidez Herrikoloreak ekimenari forma ematen joan zineten orduan...

-Ainara Garcia: Hala da, bai. Ideia argi izan genuen momentuan proiektua kontzeptualki eta irudi aldetik janzteko unea heldu zen eta horretaz Mikel Uribetxeberria arduratu da.

Zeintzuk dira Herrikoloreak egitasmoaren helburuak?

-E.A.: Helburu nagusia kultur eta kirol arloetako herriko norbanako eta eragileen arteko sare bat osatzea da, aurrera begira elkarren arteko harremanak eta elkarlana sustatzeko.

Ekimena gizarteratzeko festa antolatu duzue irailaren 15erako...

-I.B.: Herrian ezagutzen ez diren gauza asko egiten dira eta Azkoitian dagoen eskaintza guztia ezagutzera emateko festa hori prestatu dugu. Guztira 60 norbanako eta talde inguruk parte hartu dute jardunaldi horretan.

-O.I.: Bakoitzak egoki ikusten duen erara aterako du bere jarduera kalera eta herritarrek ekitaldi ezberdinekin disfrutatzeaz gain, nahi duten taldera edo jarduerara gehitzeko aukera izango dute.

Zer nolako jaia izango da irailaren 15erako prestatu duzuena?

-A.G.: Egun osoko festa izango da eta ekitaldiak etengabe egongo dira jardunaldi osoan zehar. Egitaraua 11.00ak aldera hasiko da eta ez da goizeko 2.00ak edo 3.00ak arte amaituko.

Egun horretan, zer ikusi ahalko da Azkoitiko kaleetan?

-E.A.: Denetarik egongo da: kirol taldeek mota askotako erakustaldiak, txapelketak eta erronkak egingo dituzte eta horretaz gain elkarte gastronomikoen arteko paella lehiaketa, euskara praktikatzeko mintzodromoa, jubilatuentzako bingoa, artisauen feria, hiru txirlo bolo erakustaldia, tour historiko bat, Irrien Lagunen ikuskizuna... kulturaz eta kirolaz disfrutatzeko aukera zabala egongo da egun horretan herrian.

-O.I.: Gainera, Mangaixue mendi bizikleta martxak ekimenarekin bat egin du eta aurtengo edizioa egun horretan bertan egingo da, 200 lagunetik gora parte hartuko dutelarik.

Musikak ere protagonismo handia izango du festan ezta?

-I.B.: Zalantzarik gabe. Egun horretan bertsolari, trikitilari eta txistularien emanaldiekin batera 20 kontzertutik gora izango dira herrian.

-E.A.: Kontzertuetarako bi eszenatoki handi egokituko dira Herriko plazan eta Balda plazan. Gainera, formatu txikiko emanaldiak izango dira Etxebeltz barruan.

Eszenatokiak, ekipoen alokairua... guzti hori antolatzeko aurrekontu polita beharko da...

-O.I.: Bai, 20.000 euroko aurrekontua beharko dugula aurrikusita dago.

-A.G.: Zorionez, Udalaren, tabernarien, dendarien eta herriko hainbat enpresen laguntza izango dugu.

-I.B.: Era berean, dirua lortzeko kamisetak eta poltsak jarri ditugu salgai herriko denda eta tabernetan.

-E.A.: Edonola ere, argi utzi behar da aurrekontu osoa jai egunak berak sortuko dituen gastuei aurre egiteko bideratuko dela. Inork ez du inolako irabazirik ezta galerarik izango.

Zerbait gehiago esaterik bai?

-Laurak: Gauza bakar bat: azkoitiar guztiak animatu nahi ditugu irailaren 15ean kalera atera eta festan parte hartzeko. Izan ere, egun horretan herrian dugun eskaintza aberatsa ezagutu eta baloratu ahal izango da.