‘Ez ezetz da!’ kanpaina abian jarriko dute Alegian

Karmen jaietan etxera joan nahi dutenei laguntzeko hitzorduak jarriko dira

Marta San Sebastian - Sábado, 7 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Alegia - Jaietan izaten diren sexu erasoen aurrean erantzun irmoa eta bateratua eman nahi dute Alegian ere eta datorren asteburuan ospatuko diren Karmengo festetan Ez ezetz da!kanpaina berezia martxan jarriko du aurten Udalak. Bide honetan, herriko neska talde baten ekimenez, etxera laguntzeko hitzorduak ere jarriko dira festetan gauero.

Ate joka ditugun Alegiako jaiei begira, Alegiako Udalak lanketa berezia egin nahi izan du sexu erasoen gaiaren inguruan. Ekainean sexu erasoen aurkako protokolo bat garatu zen herriko talde zein eragile ezberdinen eta herritarren parte hartzearekin. Jaietan erasoren bat gertatuko balitz, erantzun koordinatu bat emateko gaitasuna izatea da protokoloaren helburuetako bat.

Horrekin batera, herritarren kon-tzientziazioa ere bultzatu nahi da, erasoren bat somatuko balute jarrera aktiboa izatera bultzatuz. Kon-tzientziazio horretarako bidean, Udalak Ez ezetz da!izenburua daramankanpaina berezi bat egingo du jaietan. Lema hori duten pegatinak banatuko dira festa giroan dabiltzatenen artean eta tabernetan, eta erasoren baten aurrean nola jokatu behar denaren inguruko informazioa egongo da.

Ildo beretik, Alegiako neska talde baten ekimenez, gauero etxera joan nahi dutenei laguntzeko hitzorduak jarriko dira. Taldea Orendaingo bidegurutzean elkartuko da eta elkarrekin egingo da etxeetarako bidea, geldialdiak eginez, inor bakarrik joan ez dadin.

Ordutegi zehatza ezarri dute etxera bidean arazorik egon ez dadin. Asteazken gauean 2.00etan eta 4.00etan izango dira brigadak;ostegun gauean 3.00etan jarri dute hi-tzordua, ostiral gauen 2.30ean eta 5.00etan, eta igande gauean, azkenik, 1.00etan.