Biluztasunaren gaineko lau begirada

‘Orduan, ez naiz biluztuko?’ obrako aktoreak: Ane Pikaza, Lander Otaola, Olatz Ganboa eta Getari Etxegarai.

Biluztasunaren gaia oinarri hartutasortutako ‘StripTease’ antzezlanakMireia Gabilondoren, Jokin Oregiren,Garbi Losadaren eta FernandoBernuesen piezak jasotzen ditu

ANE ZABALA - Sábado, 7 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:17h.

BILUZTEAREN inguruko lau istorioz gozatzeko aukera eskaintzen du Strip-Tease antzezlanak. Guztiak gai beraren bueltan, denak antzeko iraupenarekin, baina bakoitzak bere begirada jarri dio eranztearen gaiari. Orain bi urte egin zien Loraldia jaialdiak gaiaren inguruko 15 minutu inguruko antzerki pieza labur bana sortzeko enkargua Jokin Oregi, Mireia Gabilondo, Garbi Losada eta Fernando Bernues antzerki zuzendariei. Geroztik, obra Euskal Herriko antzokietan biran aritu da.

Oregirentzat kuriosoa izan zen enkargua hasieratik. “Ikuslearentzat ere kuriosoa da horrelako muntaia bat ikustea”, uste du. Hasieratik erronka bezala hartu zuen proposamena: “ez da bakarrik zure pieza, osotasun bat izan behar dute denek, denon artean pieza bakarra egin dugulako”. Izan ere, lau pieza dira osotasun bakarra osatzen, gaiaren inguruan sortzaile bakoitzak gogoeta propioa eginik. Pieza bakoitzean sortzaile bakoitzak bere mundu ikuskera propioa islatu du. Ikuslearentzat ere proposamen interesgarria da, gai baten inguruan ikuspegi guztiz ezberdinez gozatzeko aukera baita obra bere osotasunean.

Biluztasunaren inguruko gogoeta eta strip-teaseren inguruko kontzepzioa aldatu egin dira azken urteetan, Oregik dioenez. Gabilondoren hitzetan, ostera, “biluzteko modu ezberdinak” daude: “emozionalak edo barrukoak izan daitezke, intimitatearen inguruan hitz egitea oso zaila egiten da, adibidez”. Finean, Strip-teasea “bestearen gogoa sortzea” da, bere esanetan. Eta hori lortzeko harreman bat beharrezkoa da “beste pertsonarekin edo publikoarekin, horrela bakoitzaren fantasia nola pizten den ikusi beharra dago”, aipatu du Gabilondok. Oregiren ustez, “edozein obra egiten dugularik, gaia edozein delarik, sortzailea biluztu egiten da publikoaren aurrean”.

LAU PIEZA “Striptease-a erotismoarekin, sexualitatearekin lotu izan dut, horrelako zirrarekin, baina baita alde ilunekin ere, aurpegi dekadenteekin, horren atzean egon daitezkeen botere harremanekin”, kontatu du Oregik. Orduan, ez naiz biluztuko? izeneko bere piezan striptease casting batera aurkezten diren lau pertsonaia ikusiko ditugu, eta lau ahots horien bidez aurkezten dira Oregiri gaiak pizten dizkion ideiak. Lau aktore izango dira oholtzan: Olatz Ganboa, Ane Pikaza, Lander Otaola eta Getari Etxegarai, Adrian Garcia de los Ojosen musika lagun. Lau aktoreak, haien artean guztiz ezberdinak direnak, casting buruarekin mintzatuko dira, ikuslegoarekin, finean.

Garbi Losadak Lady Godivaren historia kontatzen digu bere piezan, hau da, lehenengo biluzte aldarrikatzailea egin omen zuen emakumearen istorioa. Lady Godiva, ikusten ez dena izenburua du Losadaren proposamenak eta Lady Godivaren kondaira du oinarri. Honen arabera, XI. mendeko Coventry konderrian herritarren zergak handiegiak zirela etakexatzeko, azoka egunez zaldi gainean biluzik paseatzea erabaki zuen Lady Godiva izeneko emakumeak. Klara Mendizabal aktoreak jokatzen du Godivaren papera, eta Ramon Agirre eta Asier Hernandez aktoreek laguntzen dute oholtzan. “Eskubideak aldarrikatzeko forman dator gure striptesea-a”, dio Losadak.

Zutaz blai du izenburua Mireia Gabilondok proposatutako piezak. Telmo Irureta aktore eta idazlearekin batera sortu zuen pieza Gabilondok. Bertan, Telmo Irureta ezagutzeko aukera izango dugu. Bi urte zituelarik meningitisa izan zuen eta garun paralisiarekin dago gurpildun aulkian. “Mandatua jaso genuenean, jarraian sortu zitzaidan Telmorekin lan egiteko gogoa”, dio Gabilondok. Bien artean egin dute striptease kontzeptuaren gogoeta. “Telmok bere barruko bizipenak, gogoak, harremanak biluztu egin ditu lan honetan”, dio zuzendariak. Telmoren bizitza ezagutuko dugu piezan, nolakoa den bera bere egunerokotasunean. Telmo protagonista bada ere, Eneko Balerdi eta Haritz Morras aktoreen eta Oskitz Gorrotxategi tronpeta-jotzailearen laguntzarekin osatzen dute pieza hunkigarri hau. Telmoren esanetan, hasieran arropa eranzten saiatuko dira, baina azkenean “striptease emozional bat” bilakatuko da obra.

Azkenik, Leun Samur izenburupean, aspaldiko istorio bat ekarri du Fernando Bernuesek. Bere aitonaren gauzen artean argazki bat aurkituko du protagonistak. Emakume biluzi baten argazkia da, aurpegirik ez duena. Misterio sentsualak narratzailearen jakin-mina piztuko du, eta baita ikuslearena ere, begiratzearen tentazioz utziko baitu ikuslea obra honek. Alfredo Sanzol antzerkigilearen lan bat hartu du oinarri Bernuesek. Oholtzan Sara Cozar eta Iñaki Rikarte ikusiko ditugu. 

Secciones