Zehaztasuna eta abiadura palan

Goierriko Oiangu pala elkarteak 25 urte bete ditu. Urte hauetan Jesus Mari Albisu izan da taldea gidatu duena eta orain gazteek erreleboa hartu dute;tartean da Xabier Berasategi. Gaur ospakizun jaialdi berezia egingo dute.

M. Aranbururen erreportajea - Sábado, 7 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Indarrez, sasoian eta bizi-bizirik aurkitzen da gaur egun Goierriko Oiangu pala elkartea. Duela 25 urte hasi zuen ibilbidea, Jesus Mari Albisu idiazabaldarraren eskutik eta ordutik asko izan dira taldean jokatzen aritu diren pilotariak. 40 pilotarik osatzen dute gaur egun taldea eta zuzendaritzan erreleboa hartu duenetako bat izan da Gorka Berasategi. Gaur, Oiangun ibili diren pilotari guztiek urteurreneko festa egingo dute Ordizian bertan eta giro onean garai bateko kontuak gogoraraziko dituzte.

Albisuk gogoratu du garai batean Goierri mailan oso jende gutxik jolasten zuela palan: “Ordiziako Aierbe eta Andonegi aritzen ziren jolasten eta Idiazabalen Iñausti baserriko Jose Luis Esnaola, ni azken horrekin ibiltzen nintzen. Istripu bat tarteko, Esnaolak jokoa albo batera utzi behar izan zuen”. Hala, Albisu izan zen palari indarra ematen hasi zenetako bat. Elkarterik ez zen orduan, baina pala jokalari kopuruak gora egiten zuen ahala hura formalizatzeko beharra ikusi zuen idiazabaldarrak: “Ikusten genuen gure pilotariek maila ona zeukatela eta txapelketetan ere oso ondo ibiltzen zirela, txapelak eskuratuz”. Izen baten beharrean, Ordiziako Oiangu parkearen izena hartu zuten Goierriko herri guztietako jokalariak biltzen dituen elkarteak.

Albisu bera izan da urte hauetan Oianguren gidari. Horretan, baina, aldaketa beharra zegoela baieztatu du: “Ezin dugu utzi elkarte baten pisua pertsona bakarrak hartzea. Azkenean, proiektuak aurrera egin behar du pertsona hori egon ez arren;bestela badirudi pertsona hori faltatzen denean guztia pikutara joango dela. Horregatik, duela urte gutxi batzuk gazteak zuzendaritzan sartzea erabaki genuen”. Egun lan horietan murgilduta dabil Xabier Berasategi: “Lan handia dago atzean dudarik gabe, baino proiektuan sinesten dugu. Lanak banatu egiten ditugu eta horrela askoz ere errazagoa izaten da”.

abilezia Larruzko pilotarekin ibiltzen dira gehienetan taldeko kideak, beraz, burua eta begiak babestura eramaten dituzte derrigorrean. Berasategik beharrezkoa ikusten du palan hasi ondoren “lasai hartu eta mailaz maila joatea, “ez delako erraza” hasieratik kirol honen gakoa kontrolatzea. Bera ere ibilia da jokatzen, nahiz eta duela urte batzuk utzi egin zion. Oiangun pala motzean ere ibiltzen dira. Desberdinak dira larruzko paleta eta pala motzeko modalitatea. Lehenengoan pala lodixeago bat erabili ohi da eta pilota txikitxoa da. Pala motzean, berriz, pilota handitu egiten da baina pala txikitu;pilota jotzeko lekua txikiagoa izaten da hala. “Nik uste gehien disfrutatzen den modalitatea pala mo-tza dela, behin kontrolatuta izugarria da”, agertu du jokalari ohiak.

Larruzko pilotak “izugarrizko abiadura” hartzen duela adierazi du Berasategik eta bat egiten du Albisuk adierazpen horrekin. Hala adierazten du: “Pala prezisiozko kirol bat da, errefleju eta mugimenduak berebiziko garrantzia dute”. Ez du uste indarrak halako inportantzia duenik, pilotaren abiadura horren handia izanda, “pilola behar den momentuan eta moduan” ematean dagoelako gakoa.

bertakoen jaialdia Gaurko jaialdia Oiangu elkarteko kide izan direnek ospatzeko izan da. “Barrura begirako jaialdi bat egin nahi genuen, taldekideak izan direnekin ospatu nahi dugu. 70 lagun inguru izango gara”, agertu du Berasategik. Hala, goizean hasiko dira ekintzak. Nola ez, pala protagonista izango da eta 11.00etan hasita, gaztetxoak hasiko dira Beti Alai pilotalekuan kadeeten arteko partidak. Jarraian, garai batean palan ibiltzen ziren baina egun utzita dutenen lehia izango da. Taldeko gazteenak ere arituko dira haien artean norgehiagokan eta beteranoenak ere bai. Ondoren, argazki erakusketa bat jarriko dute ibilbidean zehar jasotako material berezienarekin: “Besteak beste, kamiseta zaharrak, duela ia 200 urteko pala eta argazkiak jarriko ditugu”, esan du Berasategik. Segidan, elkarrekin bazkaria egingo dute Txapel Gorri elkartean, Ramon Amundarain sukaldari dutela. “Bazkalostean aipamen berezi batzuk egiteko tartea hartuko dugu. Gainera, bideo berezi bat ere prestatu dugu urteurreun honetarako”, argitu du Berasategik.