Errenteriako VI. Tenis Opena antolatu dute Beraunen

Partidak ekaina eta uztailean jokatuko dira larunbat eta igandeetan eta sarrera ikusleentzat doan da

Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Errenteria - Errenteriako VI. Tenis Opena Ereintza Maddalen Saria jokatzen ari dira Beraungo erabilera anitzetarako pistan, Ereintza Eskubaloiak antolatuta, ATGren (Gipuzkoako Tenisaren Zaleak) eta Errenteriako Udaleko Kiroletako Azpisailaren laguntzarekin. Lehiaketa ekaina eta uztailean zehar jokatuko da, eta finalak uztailaren amaieran izango dira.

Ereintza elkarteak aurreko edizioek izan duten harrera ona azpimarratu du. Lehenengoan 24 jokalarik hartu zuten parte eta izen-emateak osatu egin ziren. Bigarrenean, berriz, parte-hartzaileak 32 izan ziren eta kasu honetan ere koadroak osatu ziren. Hirugarren edizioan zein laugarren edizioan koadroko plaza guztiak agortu ziren, lehiaketak harrera ona izan baitu parte-hartzaileen artean. Horren froga da 2015-2016 denboraldian ATGk puntuaziorik altuena eman ziola Errenteriako lehiaketari Gipuzkoan jokatzen diren lehiaketen artean.

Bost urte hauetan ATG elkarteak lortu du Gipuzkoako beste hainbat herritan ere tenis-txapelketak antola ditzaten. Horregatik, tenislariak banatu egin dira eta, zehazki, Errenteriako koadroa osatu da 28 parte-hartzailerekin. Gaur egun tenislariak zorioneko daude, ia urte guztian zehar parte har baitezakete txapelketetan.

Tenis zaletuak bertaratu ahal izango dira instalaziora lehiaketa osoko partidak ikusteko larunbatetan 10.15etik 22.00etara eta igandeetan 10.15etik 14.00etara. Sarrera doan da. - A.M.