Desio eta ohore

Ba al da zumarragar batentzat Santa Isabel egunean ezpata-dantzan parte hartzea baino gauza hobeagorik?

Amaia Arriaran - Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 16:53h.

Urtero-urtero uztailaren bigarren egunean egin ohi den bezala, astelehen honetan ere zumarragar guztiek beren egun handia ospatu dute: Santa Isabelak. Jaian zeharo murgilduta, Irrintzi dantza taldeak protagonismo berezia izan du aurten ere bere ezpata-dantza tradizionalarekin eta guk Josune Martin dantzariarekin hitz egin nahi izan dugu horrelako okasio berezi batean zer sentitzen den jakiteko.

Duela hiru urte irten zen dantzatzera lehen aldiz, 2015ean. Hala ere, berea ez zen estreinaldi bakarra izan, Irrintzi dantza taldeko beste hainbat emakumerena ere baizik. Izan ere, urte hartan lehen aldiz emakumeak ezpata-dantzan parte-hartzeko aukera izan zuten, aurretik gizonezkoak soilik irteten ziren, eta Josunek oso oroitzapen politak gordetzen ditu, inoiz ahaztuko ez dituenak. “Hasieran urduri geunden, ez genekien herriak zein erreakzio edukiko zuen, baina plazan agertu ginenerako inoiz baino jende gehiago zegoen, normalean ez da horrenbeste jende egoten. Animo piloa jaso genuen eta oso harrera ona izan genuen”.

Tradizioak agintzen duen moduan, Santa Isabel egunean dantzariak herriko plazatik irten eta Antioko ermitarantz abiatzen dira txistulariekin batera. Hara iristean, parrokia barruan ezpata-dantzarekin hasten dira, birjina aurrez aurre eta herritarrak atzean dituztelarik. “Lehenengo urtean sekulako txalo zaparrada jaso genuen eta momentu batzuetan kosta egiten zitzaigun txistulariak entzutea”, aipatzen du Josunek anekdota gisa.

Baina zergatik da hain berezia ekitaldi hau? Irrintziko dantzariek diote urte guztian edukitzen duten agertoki politenetako bat dela Zumarragako parrokia, jendea oso gertu baitago. Ia lur-mailan egiten dute dantza eta horrek herritarrekiko gertutasun handia eragiten du, ia gainean baitute publikoa. Gainera, Josuneren arabera, “protagonismo handia hartzen dugu dantzariok, herria guri begira dugu”. Zer gehiago eska dezake dantzari batek?