Judas Arrietak ‘3 toki, 3 paisaia, 3 ekintza’ martxan jarriko du

Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

hondarribia - Bere haurtzaroko Hondarribia, “kaleetan pintoreak lanean nonahi izaten zituena eta artea jendearengana eramaten zuten galeria eta erakusgela zituena”, aldarrikatu zuen Judas Arrieta artistak, datozen asteetan aurrera eramango duten 3 toki, 3 paisaia, 3 ekintza izeneko proiektuaren bitartez.

Ekimen honen helburua “jendeari, orduan gertatu ohi zen bezala, artistak kalean lana nola egiten duen erakustea eta honekin batera, artearen inguruko hausnarketa” egitea izango direla azaldu zuen Arrietak, atzo Hondarribiko Apezpiku plazan, Hondarribiko Kultura zinegotzi Juan Luis Silanesekin batera egindako aurkezpenean.

lana kalean Hain zuzen ere, aipatutako plazan hasiko du bihar bere ekimena. Hilaren 28an Santiago kalean izango da eta abuztuaren 22an, Hondarribiko Kirol Kaian, artista hondarribiarrak bere lana nola egiten duen erakusteko. “Mihiseak prestatu, hondoak margotu, gerturatzen den jendea bere ekarpena egitera animatu eta artearen inguruko elkarrizketak ere bideoan” jasoko ditu Judas Arrietak, Markos Sodupe ikus-entzunezkoen sortzailearekin batera.

Hiru espazio horietan, 18.00etatik 00.00etara egingo da 3 toki, 3 paisaia, 3 ekintza ekimena. Horren guztiaren emaitza “hiru mihisetan eta prozesu guztiaren inguruko dokumentalean” jasotzea da helburua, den-dena uda ostean “Hondarribiko areto eta erakusgelaren batean ikusgai jartzeko”.

“Ez dira noski garai bateko paisaiamargo klasiko horiek izango, nire estilora moldatutako mihiseak baizik, nahiz eta haurtzaroan kalean lanean ikusten nituen Sagarzazu, Urtizberea eta besteen eragina ere nigan dagoen”, azaldu zuen.

Hondarribiko Udalak bat egin du proiektu honekin, “oso interesgarria eta berezia” delako, eta Juan Luis Silanesek gonbidapena egin zuen “honetan guztietan parte hartzera”. - X.S.