Leire Fernandez eta Sorkunde Lizaso Erronkako partaide gazteena eta zaharrena

“Harreman polita sortu da guztion artean eta bidea oso aberasgarria ari da izaten”

Leire Fernandez eta Sorkunde Lizaso, taldeko gazteena eta zaharrena, gogotsu daude erronka osatzeko eta oso pozik daude bizitako esperientziarekin

Ane Roteta Esti Veintemillas - Viernes, 6 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Orio - Leire Fernandezek eta Sorkunde Lizasok 36 eta 58 urte dituzte, hurrenez hurren, eta aurpegian nabari zaie: erronka honekin gustura eta ilusioz beteta daude.

Nolatan erabaki zenuten erronka honetan parte hartzea?

-Leire Fernandez: Proiektuko bultzatzaile batek, Josik, ea parte hartzea gustatuko litzaidakeen komentatu zidan. Momentu horretan bigarren semea izanda nengoen eta gogotsu ikusten nuen nire burua fisikoki zaintzeko. Kirola egiten hasi nahi nuen eta emakumeen taldean batean errazago ikusten nuen.

-Sorkunde Lizaso: Ni beti izan naiz estropaden jarraitzale sutsua eta beti pasa dut inbidia handia, baina heldu harrapatu nau (barreak). Egitasmoaren zurrumurru bat iritsi zitzaidan eta taldeko baten kontaktua eman zidaten. Halaxe jarri nintzen harremanetan taldearekin, eta konpromezua eta lana behar baziren, ni pertsona egokia nintzela esan nien. Egia esan, ezin dut gusturago egon taldearekin.

Eta zer esaten dizuete zuen familiek eta lagunek?

-S.L: Niri etxean denetik esaten didate. Batetik, irailean egiteko zerbait pentsatzen hasi beharko dudala esaten didate, niri etxean aguantatzea zaila izango baita! (barreak) 23 eta 25 urteko bi seme-alaba ditut eta hasieran asko harritu ziren, baina orain animatu egiten naute. Pozik nagoela ikusten dute eta nik uste dut harro daudela.

-L.F: Familiaren babesa izatea oso garrantzitsua izan da, asteburuetan ordu dexente eramaten baitigu erronka prestatzeak eta ordutegi aldetik ez da erraza. Nik nire senarraren oniritzia behar nuen, berak geratu behar izan duelako etxean entrenamenduak izan ditudan bakoitzean. Lan handia egon dela ikusi du eta oso gustura ikusten nau bai fisikoki bai mentalki. Bestalde, zubira iristean eta nire ahizpa negar batean ikustea izugarria izan zen… Emozio horiek ez dira ordaintzen eta uste dut asko elkartzen dutela.

Lehen kirolik egiten al zenuten?

-S.L: Ni zerotik hasi naiz. Mendira, adibidez, betidanik joan izan naiz baina bestela ez dut inolako kirolik egin.

-L.F: Niri asko gustatu izan zait kirola beti eta txikitatik egin izan dut aktibitate fisikoren bat. Urte askoan softbolen ibili nintzen eta surfean ere aritu nintzen. Baina, haurrak izan ondoren geldiune bat izan nuen eta banuen kirola berriro egiteko irrika hori, eta erronka honekin bete-betean asmatu dut.

Zuen burua erronkarako prest ikusten duzue?

-S.L: Bai. Itsasoak pixkat laguntzen badigu, zalantzarik gabe gure aldetik guztiz gai gara.

-L.F: Entrenamenduekin hasi ginenean Getariara iristea emozio handia zen, eta orain edozein egunetan Oriotik atera eta Getarian gaude. Ordu kopuru horietan ikusi dut nire burua arraunean;beraz bai, erronka osatzeko gai ikusten naiz.

Zer eman dizue esperientzia honek?

-L.F: Gauza pila bat. Sentimentalki beste ate bat ireki digu, eta adierazteko eta babesteko era beste modu batekoa izan da. Oso zainduak sentitu gara denok eta harreman eta energia oso polita sortu da guztion artean. Nik uste dut zaila izango dugula beste tokiren batean hemen sentitu garen bezala sentitzea, eta, nire kasuan, hutsune asko bete dizkit.

-S.L: Nik sekula ez ditut horrenbeste muxu eta besarkada jaso, eta izugarrizko konplizitatea sortu da taldean. Guztiok oso desberdinak gara baina badago halako oreka bat guztion artean. Gainera, denontzako oso aberasgarria izaten ari da bidea eta denoi betetzen gaituenez, guztiok nahi dugu hau aurrera atera. Argi daukagu izugarrizko loteria tokatu zaigula.