Tolosak diruz lagunduko ditu euskarazko errotuluak

Iaz eskatutako baldintzak bete zituzten hiru lokal lagundu ziren, guztira 820 euroko ekarpena eginez

Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Tolosa - Tolosako Udalak bertako enpresetan zein establezimendu komertzialetan euskara sustatzeko bi diru-laguntza lerro zabaldu ditu. Alde batetik, errotuluak euskaratzeko laguntzak emango ditu eta, bestetik, enpresetan euskara planak bultzatzeko pizgarriak.

Lehenengoaren kasuan, lokalaren kanpoko errotuluak eta hizkuntza paisaia euskaraz jar-tzea bultzatzea du helburu. Horrela, euskara hutsean idatzitako errotulu berriaren %50a ordainduko dio Udalak eskatzaileari, 450 euroko mugapean. Diru-laguntza establezimenduaren fatxadan jarritako errotulu nagusiarengatik emango da, nahiz eta, establezimenduaren hizkuntza paisaia finko eta aldakorrak (erakusleihoa, toldoa, barruko oharrak, prezioak...) euskaraz ere egon behar duen diru-laguntza jaso ahal izateko. Eskaria errotulu nagusia jarri ondorengo 90 egunen barruan egin behar da.

Iaz guztira, eskatutako baldin-tza guztiak bete zituzten hiru establezimendu lagundu ziren, 820 euroko ekarpenarekin.

Bigarren lerroa enpresetan euskara erabiltzeko planak sustatzeari dagokio. Diru-laguntza eskuratzeko eskaera aurkeztu behar da abenduaren 1a baino lehen. Gehienezko diru-laguntza plana burutzeko izandako gastuen %50 artekoa izango da, 3.000 euroko mugapean.

Edozein zalantza argitzeko, Udaleko Euskara sailera bertaratu behar da, 943 697 500 telefono zenbakira deitu, edota euskara@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi. - M.S.S.

Secciones