GIZARTEA

20 urtez salto, jira eta dantzan

Datorren uztailaren 14ean Errenteriak XX. Erromeria Eguna ospatuko du. Ereintza Dantza Taldeak azaldu duenez, aurtengo egitaraua ikusgarria izango da eta bi hamarkadetako ekitaldiak laburbilduko ditu.

Aitziber Mugaren erreportajea eta argazkiak - Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Azken hemeretzi urteetako arrakastaz baliatuta, aurten ere Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak Erromeria Eguna antolatu du. Uztailaren 14ean izango da dantzazale guztientzako hogeigarren hitzordu garrantzitsu hau.

Ereintzako Juantxo Mayak gogora ekarri zuenez, iaz zin egin zuten hogeigarren ediziorako zerbait berezia eta handia egingo zutela Udalaren laguntzaz eta herriko komertzioen kolaborazioarekin. Eta hala izango da: “Larunbat horretan etorriko den artista multzoak egitarau aparta eskainiko du”. Bihotzez eskertu nahi izan zien musikariei bere parte-hartzea atzo egindako agerraldian.

Bi ekitaldi goraipatu nahi izan zituen Juantxo Mayak. Castellers de Vilafrancako emanaldia eta arratsaldeko erromeria. Castellersi dagokionez, Euskal Herrira inoiz etorritako talderik handiena da, 250 pertsonez osatuta. Beren emanaldia hirutan eskainiko dute 11.30etik aurrera ondorengo hurrenkeran: Koldo Mitxelena plazan, Xabier Olaskoaga plazan eta Zumardian.

Vilafrancakoak Euskal Herriko lau herri bisitatuko dituzte, horien artean Errenteria. “Zubi bat eraiki dugu Errenteria eta Vilafranca artean”, aipatu zuen Ion Collarrek, Kultura zinegotziak.

Erromeria Andoitz Antzizarrek, Arkaitz Minerrek, Iñaki Letamendiak eta Quico Pugesek gidatuko dute. “Erromerian parte hartzeko gonbitea jaso nuenean Arkaitz hartu nuen konplize bezala -aditzera eman zuen Antzizarrek- eta nahiz eta garai hauetan musikariak bila-tzea zaila izan (gehienek udarako agenda eta konpromezuei eutsi behar dietelako), lau izen oso handiak egongo dira, triki-pop munduan oso ezagunak diren Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar eta Asier Gozategi eta Carlos Núñezekin dabilen Itsaso Elizagoien gaztea”.

Antzizarrek musikariak Errenteriako Erromeria Egunean parte har-tzeko gogoz egoten direla ziurtatu zuen: “Lau hauei proposatu genienean Erromerian abestera segituan baietz esan ziguten. Beste hiru artista ere gonbidatu genituen, baina beste konpromezu batzuk zeuzkatelako pena handiarekin, penaz, ezezkoa eman behar izan ziguten”.

Ereintzako Alain Maya dantzariak jakitera eman zuenez, hogeigarren urteurren honetako egitaraua azken hemeretzi urtetan egon diren emanaldi ikusgarri eta hoberenen laburpen bat da. “Etorri ezin izan duten hiru artistei gonbidatu nahi diegu Erromeria Eguneko 25. urteurrenean parte hartzera. Data gorde dezatela”, esan zuen. “Arratsaldeko erromeria harrigarria izango da”, gaineratu zuen Juantxo Mayak.

Beste ekitaldi jendetsu bat eguerdiko bazkari herrikoia izango da. 350-400 pertsona bildu egiten dira urtero Intxaurrondoko Lagunek Koldo Mitxelenan eskaintzen duten otorduan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Paki Dietetika Zentroan, Arkaitza tabernan eta Ereintza elkartean (telefonoa: 943 526 553). 500 pertsonentzako tokia izango da. Helduen menuak hamabost euro balio du eta gaztetxoenak hamar.

Alain Mayak gogorazi zuenez, Errenteria euskal dantzen lehiaketak antolatzen zituen eta erreferente bat zen, baina herri dantzei eta erromeria giroari bultzada bat emateko ekin zion Ereintzak Erromeria Eguna antolatzeari. Hemeretzi urte beranduago, apurka-apurka, aurrerapausoak ematen ari dira, jaialdi hau sendotzen ari da eta geroz eta jende gehiago ibiltzen da plaza dan-tzetan. Antolakuntzaren konpromezua ere indartu egin dute, gainera, datozen urteetarako.

“Gonbitea eta deia eginda dago. Errenteriako plazan dantzan ikusi nahi zaitugu jo eta su. Nahi adina musikari eta dantzari lagun izango dituzu bertan. Eta guztiontzat lelo bakarra: Zatoz Dantzara Plazara!”, animatu zuten Ereintza Dantza Taldetik.

Egitaraua

10.45. Diana herriko kaleetan zehar.

11.00. Bola joko txapelketa Foru plazan 13.00ak arte.

11.30. Castellers de Vilafranca. Hiru alditan egingo dute: Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria), Xabier Olaskoaga plazan (Niessen) eta Zumardian.

11.30. Hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan.

12.00. Dantza poteoa kalez kale Aiko taldearekin.

14.30. Herri Bazkaria

18.00. Erromeria handia Zumardian.

Partaideak

Trikitilariak. Txorimaloak eta Errenteria Musikaleko trikitilariak.

Dultzaineroak. Errenteriako gaiteroak.

Txistulariak. Oarsoaldeko txistulariak.

Joaldunak. Zubietako joaldunak.

Taldeak. Aiko taldeak eta erromeriaren gidariak Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Puges

Gonbidatu bereziak erromerian. Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien.