Zubi errimatuak bi kultura ezberdinekin

Bertsolaritzak euskal herrian duen indarrak txunditurik, frisierazko inprobisazioa sortu dute, bartelje izenekoa

Dabi Piedraren erreportajea eta argazkia - Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Hizkuntza desberdinak dira euskara eta frisiera, azken hau Herbehereetako Ipar partean hitz egiten den mintzaira germaniarra da. Baina biek dute kezka bat: irautea. Bertsolaritzak euskarari ematen dion bizi indarraren berri jakinik, frisiarrek ere ahozko inprobisazioa lantzeari ekin diote eta, hutsetik abiatu behar izan dutenez, euskal bertsolaritzaren ezaugarriak beren hizkuntzara egokitzen ari dira. Hala jaio da bartelje.

Lehenengo barteljer edo frisierazko bertsolariak poeta eta idazleak dira, haietako zenbait bildu, proiektuaren berri eman eta dagoeneko batzuk animatu omen dira kantatzera, hasiberrien zailtasunak zailtasun. Frisierazko tradizio poetiko oparoa egon badago, baina irakurle gutxi dituzte eta gazteak nekez erakarriko dituzte hizkuntzara ohiko liburu eta errezitaldien bidez. “Bartelje izan daiteke gure hizkuntza eremu publikora zabaltzeko bide bat”, dio Bart Kingma proiektuaren sustatzaileak. Izan ere, frisierak hiztun dezente dituen arren -herritarren erdiek badakite-, familia eta lagun giroan erabiltzen da, eremu publikoa nederlanderari utzita. “Bertsolaritza hizkuntzarekin jolastea da, hori da guk behar duguna, frisiera ez dadila soilik eguneroko kontu arruntetarako erabili”.

Bart Kingma Barakaldoko BECen izan zen abenduan, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala bertatik bertara ikusten. Ordu erdiko dokumentala grabatu zuen, Herbehereetako telebista publikoan emateko. Mirjam Vellinga eta Elmar Kuiper, barteljeren beste bi bultzatzaile, Kingmarekin joan ziren finalera. Hango giroak eta jendetzak harrituta utzi zituzten. Han piztu zitzaien frisierazko inprobisazioaren ideia.

“Noski, hau guztia martxan jartzea ez da erraza, guk ez dugu mendeetako tradiziorik, doinurik ez dago... Ez dakigu barteljek zer arau izan behar dituen, hutsetik hasi baikara”, onartu du Kingmak. Leeuwarden hiri frisiarra 2018ko Europako Kultur Hiriburua dela aprobetxatuta, euskal bertsolariak eta musikariak gonbidatu dituzte, barteljeren oinarriak jartzen lagun diezaieten. Leeuwardenen daude egunotan Xabi Paya eta Joxan Goikoetxea, kontzertuak eta tailerrak ematen. Payaren arabera, bi alderdi nagusi behar dituzte inprobisatzeko: melodia egokiak eta inprobisaziorako elementuak, alegia, errimak eta gisakoak. “Gu haiei oinarrizko tresnak ematen saiatuko gara”, dio bertsolari bizkaitarrak.

Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak bertsotarako melodiak nola sortu irakatsiko die frisiarrei bihar, Leeuwardengo Hizkuntzen Egongela delako gunean antolatutako lantegietan. Xabi Payak, aldiz, hizkuntza doinu bakoitzaren ezaugarrietara nola egokitu azalduko die. “Esan didatenez, frisiera azentuduna da, beraz, melodiaren gorabeherak azentu horrekin bat etorri behar dira”. Errimak, neurriak eta abar ere jorratuko ditu. Gainera, euskal kantagintza eta ahozko literatura aurkeztuko dituzte Goikoetxeak eta Payak Leeuwardenen. Horren aurretik, gaur arratsaldean bertan, Frisiako artistekin elkarlanean, kontzertu berezia emango dute euskal ordezkariek, Iosune Marín musikaria ere lagun dutela.

Leeuwardengo elkartrukeak emango duenaren zain, barteljeren sustatzaileek arau batzuk adostuak dituzte dagoeneko, esate baterako, a capella abestuko dutela. Beste ezaugarri deigarri bat hizkuntzarena da: bartelje frisieraz jaiotako proiektua den arren, eskualdeko gainerako hizkuntzei zabalik egongo da, hala nola, bildts, kollumers eta behe saxonierari. “Nederlandera ez den oro onartuko dugu”, zehaztu du proiektuan buru-belarri sarturik dabilen Mirjam Vellingak. Errimak aurkitzeko orduan, frisierak aukera zabalak dituela uste dute bultzatzaileek. “Gure arazoa doinuak dira, baditugu melodia tradizional batzuk, baina hain daude zaharkituak!”, dio Kingmak. Pop erritmoak maiz erabiltzen dituzte, “Elvis Presleyren Love Me Tender da orain arte gehien erabili duguna”, aipatu du Vellingak.

BECen bertsolariak entzuteko batu zen jendetzaren parekorik bartelje-ren inguruan elkartzea amets urruna baino ez da frisiarrentzat, urratsez urrats joatea komeni zaiela badakite. “Poetekin hasi gara lanean, hizkun-tzarekin jolastera ohituta daudelako, ondoren gizarteko beste atal batzuetara iritsi nahi dugu”. Euskal Herriko egonaldian ezagututako bertso-eskolak tresna bikaina direla uste du Kingmak, baina oraindik ezin dute halakorik sortu. “Irakaslerik ere ez dugu, denok ari gara ikasten!”.

Hala ere, bertsolaritzaren “magia” frisieraz ere lortzen hasi dira, pixkanaka, Mirjam Vellingak dioenez. Barteljeren sortzaileek botatako erronkari heldu diote poeta batzuek. Xabi Payak kontatu duenez, musika tradizional gutxi eta inprobisaziorik bat ere ez dago frisieraz, baina olerkigin-tzarako joera errotua bai, Leeuwardengo kaleetako harlauzetan zizelkatutako poesiak lekuko. Bart Kingmaren arabera, “bide luzea dugu aurretik, bertsolaritzak duen funtzio sozialaren gisako zerbait da gure helburua, alegia, gai garrantzitsuen inguruan frisieraz abestea”.