Ataunen, mitoak bizirik

bihar bigarren mitoaldia hasiko da, “iazkoa baino askoz sendoagoa eta indartsuagoa” den programa batekin

Harri Fernandezen erreportajea. . Argazkia Iker Azurmendi - Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Torto, Maru, sorginak, Patxi Errementaria eta Ataungo pregoilaria bildu ziren atzo Donostian. Joxe Miel Barandiaranek jasotako mitoetatik atera eta Koldo Mitxelena Kulturunean hezurmamitu ziren bihartik aurrera Ataunen ospatuko den Mitoaldiaren bigarren edizioaren berri emateko. Elezaharretako pertsonaiek Jentilbaratza elkarteko kide Maitane Aizpurua eta Barandiaran Museoko arduradun Ainhoa Diez de Salazarrekin batera eman zuten programa berriaren berri.

Iaz ospatu zen lehen Mitoaldiaren arrakasta ikusita -jardunaldi guztietan eserlekuak bete ziren-, edizio berri bati ekingo diote orain eta, antolatzaileek azaldu zutenez, helduei begirako ekimen gehiago egingo dituzte aurten.

Aizpuruak mitologiak egun duen garrantzia azpimarratu zuen. “Urtean zehar egiten ditugun ekintzen bizkarrezurra da”, esan zuen. Hain zuzen ere, urtean zehar ekimen ezberdinak aurrera eramaten dituzte, jentilen etorrera, marrazki lehiaketak eta ipuin kontaketak, besteak beste. Ataundarrentzat mitoek “aparteko” garran-tzia dute, herrian “ipuin eta kondaira asko jaso direlako” eta herritarrek Barandiaranen lanaren “iturritik” edan dutelako.

Herritarrentzat mitologia ez da aipatutako “ipuin edo kondaira sorta” bakarrik, askoz gehiago da. “Gure arbasoei buruzko informazioa ematen digu. Horregatik dira hain garran-tzitsuak Marimunduko, jentil erraldoiak, lamiak, gaueko inguma... Pertsonaia guzti horiei buruzko kontakizunek gure arbasoen sinesmenei buruz hitz egiten digute. Gure arbasoek kristautasuna Euskal Herrira iritsi baino askoz lehenago bizi zuten ingurua interpretatzeko eta ezagu-tzeko zuten moduari buruzko informazioa ematen digute”, azaldu zuen Aizpuruak.

Beraz, euskal arbasoek mitologia erabili zuten beraien ingurumenera “egokitzeko bitarteko bezala”;egungo gizarteak, aldiz, “arbasoei buruzko informazioa eskuratzeko bitarteko bezala” erabiltzen du. Kontakizunak belaunaldiz belaunaldi ahozkotasunaren bitartez transmititu dira eta horiek gal ez zitezen, “izugarrizko lana egin zuen” Barandiaranek, ahozko tradizioaren kondaira horiek guztiak idatziz jasoz.

Dudarik gabe, Mitoaldiak transmisio lana horren testigua hartu du. “Gure lana da liburu horiek astindu, pertsonaia horiei bizitza eman eta datozen belaunaldiei historia guzti horiek eta arbasoei buruz dakigun guztia transmititzea”, azaldu zuen Aizpuruak.

gazte zein heldu Diez de Salazarrek, bere aldetik, bigarren Mitoaldiaren nondik norakoak zehaztu zituen, “iazkoa baino osatuagoa eta indar-tsuagoa” izango den programa, hain zuzen ere. Publiko zabalago bati ireki nahi izan diote, helduentzako ekimenak sendotuz.

Bihar hasiko da programazioa Paul Urkijoren Errementari filmaren emanaldiarekin. Ondoren, zuzendariarekin solasaldia izango da. Larunbatean, berriz, Ataungo mitologia gune esanguratsuenak ezagutzeko aukera egongo da, Jon Aizpuruaren eskutik.

Igandeari dagokionez, Barandiaran Museoan ipuinen kontaketa antzeztua izango da Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak izenburupean (bi saio eskainiko dira: 11.00etan eta 12.30ean).

Datorren astean (hilaren 9tik 12ra), udalekuetako taldeentzat lantegiak antolatu dira museoan bertan.

Gainera, Juan Inaxio Hartsuaga izango da aurtengo gonbidatu berezia -iaz Toti Martinez de Lezea idazlea izan zen Ataunen- eta Euskal mitologia egituratua deituriko hi-tzaldia eskainiko du uztailaren 11n. “Mitologia munduan aditurik badago, Hartsuaga da”, adierazi zuen Diez de Salazarrek.

Azkenik, uztailaren 14an, Gau ibilaldi magikoa antolatu dute aurten ere. Barandiaran museotik San Martingo plazara herri bidetik ibilaldia egiten dutenek euskal mitologiako pertsonaiak izango dituzte bidelagun. Ekimen honetan jende askok parte hartzen duela ikusita, lehen aldiz, sarrera mugatua izango da eta izena aurrez eman beharko da.

bigarren mitoaldia

Uztailak 6. Errementari filma eskainiko da eta Paul Urkijo zuzendariarekin solasaldia egingo da 19.00etan Herri Antzokian.

Uztailak 7. Ataunen zehar ibilaldia, Jon Aizpuruaren eskutik (10.00etan, San Martingo plazan). Aurrez izena ematea ezinbestekoa da: 943180335.

Uztailak 8. Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak ipuin kontaketa antzeztua Barandiaran Museoan. Bi saio: 11.00etan eta 12:30ean: 943180335.

Uztailak 9-12. Udalekutako taldeentzat mitologia lantzeko tailer bereziak antolatuko dira Barandiaran Museoan.

Uztailak 11. Juan Inazio Hartsuagak Euskal mitologia egituratua izeneko hitzaldia eskainiko du (19:00etan) museoan. Sarrerak aldez aurretik, 943180335ra deituta.

Uztailak 14. Gau ibilaldi mitologikoa, Ataungo herri bidean zehar, Barandiaran Museotik San Martingo plazara. Sarrerak aurrez hartu behar dira www.jentilenetorrera.eus atarian.