Alkizan proiektu kulturala garatzeko beka emango dute

Sormenaren Kabia bekaren talde bultzatzailea, atzo Alkizan.

Kultura herrietan ere egin daitekela aldarrikatu nahi du Sormenaren Kabia egitasmoak

Marta San Sebastian - Jueves, 5 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Alkiza - Artistentzako hausnarketarako, sormenerako eta lanerako gune bat sortu nahi dute landa inguruan. Alkizako Sormenaren Kabia egitasmoak kultur arloko proiektua gara-tzeko beka bat eskainiko dute, Gipuzkoako bihotzean dagoen herri hau bera inspirazio iturri dela.

Alkizako Fagus Interpretazio Zentroaren egitasmo berria abiarazi du Gipuzkoako kultura maparen barruan. “Gure kokapen geografikoagatik gune estrategikoan gaude eta urteak darmatzagu natura, gizakia eta kulturari lotutako proiektuak gara-tzen”, azaldu zuen atzo Alkizako alkate Jon Umerezek. Kultura, ordea, landa ikuspegitik lantzeko aldarrikapena egiten du beka honek. “Geroz eta gehiago dira horrelako proiektuak, baina Gipuzkoan ez dago, gure ustez, eskaintza iraunkorrik, ez landa eremuari lotuta behintzat, eta kultura ez da hirietan bakarrik egiten”, esan zuen Edurne Ayuso kultura dinamizatzaileak.

Sormenaren Kabiak Lete nekazaletxean hamabost eguneko egonaldia eskaintzen du iraila eta urria artean, eta 1.000 euroko diru-laguntza dieta mantenurako. Lanerako espazioa egokitu ahal izango du artistak nekazaletxean bertan, Ur Mara museoan edo Inazio Urruzola txakolindegian. Hautatutako pertsonak hala nahiko balu, Koldobika Jauregi bertako eskulturgilearen aholkularitza jasoko luke. “Gure helburua proiektua herriratzea da eta artistak jendearekin hartu-emana izatea, ez dugu proiektu isolatu bat izatea nahi”, azaldu zuen Ayusok.

Artearen inguruko edozein diziplinetako artisten lanak jasotzeko prest daude Alkizan, baina irekiak daude idazle, filosofo edo kazetarien proposamenak jasotzeko ere.

Proposamenen balorazioa egiteko antolatzaileek epaimahai bat osatuko dute eta, besteak beste, kontuan hartuko ditu aurkeztutako proiektuaren originaltasuna, Fagusen hiru arda-tzekin duen koherentzia eta eskain-tzen diren lan espazioetara eta baliabideetara egokitzeko duen gaitasuna. Horrekin batera, hautatua izaten den artistak bere lan prozesua jendaurrean azaltzeko konpromisoa hartu eta amaieran egonaldiari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du.

Deialdian izena emateko epea abuztuaren 6a bitarte zabalik izango da eta informazio gehiagorako kultura@alkiza.eus helbidera idatzi daiteke.

Secciones