GIZARTEA

Sanferminek gaur eztanda egingo dute Pasai Antxon

20.00etako txupinazoak bost egun algaratsu aldarrikatuko ditu

Aitziber Muga - Miércoles, 4 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Pasaia - Gaur 20.00etan Pasai Antxoko sanferminak hasiko dira Zumardian antxotar guztiak zapi gorriak goran dituztela txupinazoa botatzen denean eta elizako kanpaiak iraultzen direnean. Ondoren, buruhandiak barrutiko kaleetan ibiliko dira Itsas Mendiko txistulariek lagunduta. Festak igandera arte iraungo du.

Baina, txupinaren aurretik barrutiko giroa berotzen joateko 17.00etan karro-poteo bat burutuko da Antxoko kaleetan zehar. 18.30ean Moliñomariren jaitsiera ospatuko da Marealtan eta 19.00etan lehen topa herrikoia egiteko garaia iritsiko da Gure Zumardiko karpan.

19.30ak aldera, ohitura denez, jaiak aurkezteko ekitaldia egingo dute Gure Zumardian. Bertan zintak jarriko zaizkie danborradetako kantinera eta ordezkariei: beteranoen danborradako kantinerari, Amaia Vázquezi;sukaldari nagusiari;eta Basari elkarteko danborradaren ordezkariari, Patxi Azparreni. Haurren danborradakoek ere bere bereizgarriak jasoko dituzte: Zuriñe Askasibar (gastadoreen kantinera) eta Ane Labiano (sukaldarien kantinera).

Halaber, txapela eta lore-sorta emango zaizkie jubilatuen ordezkari diren Jose Luis Azpiroz eta Arantza Aguirregomezcortari. Ekitaldian izango dira, era berean, jaietako alkate txikiak. Amaitzeko, saria emango zaio sanferminetako kartel-lehiaketako irabazle izan den Gerar Martín Gonzálezi.

Txupinazoaren ostean, 21.30ean, afari herrikoia egongo da Gure Zumardian. Norberak bere afaria eman beharko du. Amaitzerakoan, 23.30ean, zezen suzkoa aterako da.

Azkenik gauaz disfrutatzeko gauerdian hiru musika emanaldi hasiko dira gustu desberdinetarako: Kogoio DJa Hamarretxeta kalean, dantzaldia Oharkabe taldearekin Gure Zumardiko karpan eta dantzaldia Karlos eta Sagarz DJekin Azokan.

Bihar haurren eguna ospatuko da eta besteak beste haurren xake eta pala txapelketak egongo dira goizean, bazkaria eguerdian eta ikuskizun bat eta jolasak arratsaldean. Arratsaldean ere erromeria izango da Gure Zumardian.

Ostiralean Burrunba elektrotxarangak Euskal Eguna eta Sakatu elektrotxarangak Gazte Eguna girotuko dituzte arratsaldean.

Larunbatean San Fermin Eguna ospatuko da eta honenbestez, meza nagusia izango da San Fermin elizan. Azkenik, festak igandean amaituko dira Gaixoa ni abesten.

Egitarau osoa www.pasaia.eus helbidean eta egunkari honetako agendan ikus daiteke.

Egitarau hau egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da herriko talde eta elkarteen ekarpena: Galepertarrak elkartea, Basari elkartea, Lore Txorta elkartea, Kolore Guztiak kultura ani-tzeko elkartea, Antxoko Muxikoen Elkartea, Mimos taberna, Leunda taberna, Kurlinka taberna, Croissantería Axular, Casa de Galicia, Peña Kupeldegi, Topagune, Gazte Asanblada, Asociación Cultural Kampsa-Ardigorri, Jubilatuen Elkartea, Paco Bueno gimnasioa, Antxoberfest, Pasai Txaranga, eta hainbat herritar.

Ekitaldi nagusiak

Bihar. Helduentzako bigantxak Luzuriagan (7.00), marmitako desafioa Oarso kalean (12.00) eta bazkaria (14.00), sardina-jatea Gure Zumardian (19.00).

Ostirala. Euskal jaia Alkarkide musika-taldearekin Azokan (20.00), haurrentzako bigantxak Luzuriagan (20.00) eta beteranoen danborrada (00.00).

Larunbata. Saltseroen irteera (12.00), haurren danborrada (18.00) eta tekno gaua Axular plazan (00.00)

Igandea. Herri kirolen erakustaldia (13.00), parrilada Gure Zumardiko karpan (15.00), bertsolariak Azokan (19.00), Los Bebés de la Bulla herriko kaleetan (19.00).