Dantzaren magiak Azpeitia hartuko du hilaren 6tik 15era

Hainbat talde eta erakundeetako ordezkariak, Azpeitia Dantzan ekimena aurkezteko agerraldian.

Erakustaldiekin batera, dantzarako aukera ere emango du Azpeitian Dantzanek

Jabi Leon - Martes, 3 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

azpeitia - Uztaila heldu da eta berarekin batera Azpeitiko dantza talde eta eskolek ikasturtean zehar egindako lana plazaratzeko ospatzen duten Azpeitian Dantzan ekimenaren edizio berri bat.

Hori bai, aurtengoa ezberdina izango da. Izan ere, estilo eta erritmo mota ezberdineko dantzak ikasten eta egiten aritzen diren herriko ehunka haur, gazte eta helduen erakustaldiekin disfrutatzeko aukera izateaz gain, herritarrek dantzarako aukera ere izango dute aurten.

Edonola ere, 2018ko Azpeitian Dantzanek hurrengo bi asteburuetan zehar ospatuko da, eta ondorioz, dantzaren magiak Azpeitia hartuko du hilaren 6tik 15era bitartean.

Josu Labakak, Kultura batzordeburuak, ekimenaren aurkezpenean azaldu zuenez, “Azpeitian Dantzan ekitaldi berezia izan ohi da guretzat, herriko taldeekin osatutako programa baita. Aurten, gainera, dantza ikusteaz gain, dantza egiteko aukera ere egongo da, berezitasun bezala”.

egitaraua Azpeitian dantzan egitasmoari hasiera emateko “Brasilgo dantza eta arte martzialen konbinazioa” den Capoeira erakustaldia egongo da datorren ostiralean Plaza Nagusian, 19.00etan eta Senzala Euskadi taldeko kideen eskutik.

Larunbatean, Itsasi taldeko lagunen txanda izango da. Hauek, “dantza tradizional eta musika berriagoarekin osatutako koreografiak” eskainiko dituzte Soreasun (19.00etan).

Eta Azpeitian Dantzan egitasmoaren lehen asteburua borobiltzeko Joxe Mari Orbegozo dantzariaren eskolako ikasleek saloiko dantzen ikuskizuna eskainiko dute igandean (20.00etan) Soreasun. Bertan, gazte, heldu eta jubilatuez gain, Down sindromea duen talde bat ere ariko da, “dantzarako mugarik ez dagoela erakusteko”.

Hilaren 13an, berriz, Sanagustin kulturgunea dantzaleku bilakatuko dute (23.00etan) eta hurrengo egunean Sahatsa dantza taldearen kalejira (20.00etan Plaza txikitik) eta ikuskizuna (20.15ean Plaza Nagusian) izango dira.

Amaitzeko, herritar guztien partaidetzari irekitako dantza jauziak eta erromeria egongo dira uztailaren 15ean (19.00etan) Plazan.

Secciones