Bere lehen surfski txapelketa antolatuko du Amuitz Klubak

50 KIROLARI ESPERO DITUZTE LARUNBATEAN | Hondarribian egingo dute ‘Arrojaa!! Challenge’ proban

Xabier Sagarzazu - Martes, 3 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

hondarribia - Duela bi urte eskas Hondarribian kanoa hawaiarraren eta surfski piraguaren modalitateak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin jaio zen Amuitz Outrigger Kanoa Klubak bere estraineko txapelketa antolatuko du larunbata honetan, 16.00etatik aurrera. Hauxe, Hondarribiko hondartzan irteera eta helmuga izango dituen Arrojaa!! Challenge 2018 izango da, Euskadiko XIV. Surfski Koparako puntuagarria izango den proba.

Kirol proba honetan, “Euskal Erkidegotik gehienbat baina baita Iparraldetik eta Frantziatik, Kanarietatik, Murtziatik, Kataluniatik edo Kantabriatik etorritako 50 kirolari, eta hauen artean, Amuitz Klubeko Ion Sagrado, Iren Ayerdi, Mikel Amenabar eta José García” lehiatuko direla azaldu du kirol kaian atzo egindako aurkezpenean Manex Martinezek, Amuitz Outrigger Kanoa Klubeko presidenteak. Han izan dira ere Juan Luis Silanes, Hondarribiko Kiroletako zinegotzia eta Oriol Ruiz Cabestany, kirol kaiko zuzendaria.

bi ibilbide Arrojaa!! Challenge 2018 honek bi ibilbide izango ditu. “Alde batetik, sprinter deitzen diren surfskilariek, kanoa azkarragoetan aritzen direnek, hondartzatik atera eta Biosnar muturrerainoko joan-etorria egin beharko dute, 15 kilometrorekin;kadeteek eta geldoagoak diren surfski tradizionaletan aritzen direnek, aldiz, 10 kilometroko ibilbide laburragoa egingo dute, eta haizearen norabidearen arabera, egun berean ibilbideetan aldaketak egitea ere” gerta litekeela esan du Amuitz Klubeko buruak.

Manex Martinezek “eskerrik beroenak” eman dizkie “bai Arrojaa!! Challenge 2018 honek izango dituen babesle pribatu guztiei, bai bereziki Hondarribiko Udalari, azpiegituraren aldetik jarriko dituen baliabide guztiengatik, eta Euskadiko KIrol Portuak (EKP) erakunde publikoari, kirol kaian parte-hartzaileentzako aparkalekuak eta bestelako erraztasun asko ere emateagatik”.