gizartea

Tolosaldea, saharar lurraldea

Bikoiztu egin dira aurten haur sahararrak hartzeko familiak eskudaldean;iaz 10 izan ziren eta uda honetan 19

Marta San Sebastianen erreportajea eta argazkiak - Martes, 3 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Sahara eta Tolosaldearen arteko harremanak estuak dira oso. Beste lurralde ba-tzuetan haur sahararrak jasotzeko harrera familia kopuruak behera egin du, baina Tolosaldean errealitatea bestelakoa da: iaz hamar familiak izena eman zuten Oporrak bakean programan eta aurten 19 dira. Gainera, Gipuzkoako aterpetxea Tolosan kokatzen da eta bertan igaroko dute uda 13 neska-mutilek, beraz, orotara 32 hau izango dira uda honetan Tolosaldean.

Saharar kanpamenduetatik geure eskualdera pasa den ekainaren 25ean iritsi baziren ere, atzo egin zitzaion ongi etorria taldeari Anoetako plazan. Ludotekako haurrekin batera burutu zituzten jolasekin hasi zen ekitaldia, harrera ofiziala, hamaiketakoa eta apar-festa tarteko.

Harrera programa honen atzean dagoen egoera politikoari erreparatu nahi izan zion bere hitzaldian Peio Estanga Anoetako alkateak. Alazne Ruiz anoetarrak aurten ere haur bat jaso du etxean eta esperientzia gomendatzen du. “Asko gara errepikatzen dugun familiak eta horrek esan nahi du guk beraiei emateaz gain, beraiek asko ematen digutela guri”, azaldu zuen.

Aurten bigarren aldiz Tolosako San Esteban auzoan kokatuko da Gipuzkoako aterpetxea. Bertan hartu dute aterpea 13 haurrek eta gainontzeko 19ak harrera etxeetara joan dira;sei Tolosara, bost Anoetara, hiru Amasa-Villabonara eta bana Alkiza, Ibarra, Berastegi, Larraul eta Lizartzara.

42 urte dira dagoeneko saharar biztanleria hiru eremutan banaturik bizi dela. Eremu horietariko bat Tindoufen (Argelian) kokatzen da eta bertan, 120.000 lagun errefuxiatu-kanpamentuetan bizitzera behartuak izan dira. Bertatik datoz, hain zuzen ere, Oporrak bakean programako haurrak.