KULTURA

Ormaiztegin, liburuek igerilekura bidaiatuko dute

Uda sasoian liburutegi zerbitzua herritarrengana gerturatzeko, bertan zerbitzu berria eskainiko da

Martes, 3 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

ormaiztegi - Udaren hasierarekin batera, Ormaiztegiko igerilekuaren denboraldi berria ere ireki dute dagoeneko, eta liburutegi-zerbitzua herritarrengana hurbiltzeko asmoa izango du aurten ere Udalak. Horregatik, Liburutegia Igerilekuan egitasmoa atzo bertan jarri zuten martxan herrian.

Egitasmoaren izenak berak dioen moduan, aurten Ormaiztegiko igerilekuaren erabiltzaileek aukera izango dute han bertan liburuak maileguan hartu eta irakurtzeko. Programa berri honi esker bertan aukera zabala eskainiko dela jakinarazi dute antola-tzaileek eta, besteak beste, helduentzako narratiba, olerkia, saiakerak eta komikiak, eta haurrentzako adinez sailkatutako ipuinen eta liburu ilustratuen aukeraketa anitza jarriko dituzte herritar eta erabiltzaileek udako egun guztietan igerilekuan dauden bitartean liburuari heltzeko aukera izan dezaten.

Zerbitzu hau, gainera, uda sasoiak irauten duen bitartean eskainiko dute, hain zuzen ere, herriko igerilekuko ateek zabalik irauten duten bitartean. Hala, irailaren 9ra arte, goizeko 11.00etan hasi eta 20.00ak arte aukera izango da liburuen magia eta aukeraz igerilekuan bertan gozatzeko. Gainera, gogorarazi dutenez, liburuak maileguan hartzeko ez da beharrezkoa izango Ormaiztegiko liburutegiko bazkide izatea eta beraz, horrek eguna pasatzera joaten diren erabiltzaileei onura egin eta aukera hori eskainiko die. Bestalde, maileguan hartzen diren liburuak egunean bertan itzuli beharko dira eta ezingo dira inolaz ere etxera eraman. - M.A.