Euskararen iragana orainera ekarria

Andres Urrutia euskaltzainburua (euskaltzaindia)

Azkue Bibliotekako ondarea ezagutarazteko asmoz, Euskaltzaindiakbere katalogoko sei liburu aukeratu ditu sortu duen erakusketabirtualerako. Joanes Leizarraga eta Manuel Larramendiren obrenezaugarri eta bitxikeriak batzen ditu, besteak beste 

AINHOA LORES - Lunes, 2 de Julio de 2018 - Actualizado a las 14:36h.

EUSKARA eta euskal kulturari buruzkoak dira, batez ere, Euskaltzaindiaren funtsak. Gaur egun, Azkue Biblioteka eta Artxiboa Bilboko egoitza nagusian dago eta bere katalogoa sarearen bidez ere kontsultatu daiteke. Akademiak, hala ere, beste aurrerapauso bat eman nahi izan du eta, bere ondarea hobeto ezagutarazteko asmoz, erakusketa birtuala martxan jarri du. Joanes Leizarragaren Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (1571) eta Silvain Pouvreau-ren Gudu espirituala (1665) dira, besteak beste, ikusgai dauden liburuak. Guztira, sei.

Erakusketak ez ditu liburu hauek bere osotasunean jasotzen, haien bitxikeriak eta ezaugarriak baizik. “Modu birtual batean, jendeari bertan dagoena erakutsi eta horren ezagupidea erraztu” nahi izan dutela aurreratu du Andres Urrutia euskaltzainburu eta Biblioteka eta Artxiboko buruak. Euskararen historian garrantzia izan duten liburuak dira batu dituztenak eta, horretarako, Bibliotekako edukien alderdi deigarrienak aukeratu dituzte: “erakusketak biltzen dituen liburuak gaur egun nabarmentzekoak direlako egin dugu hasierako hautaketa hau. Bertan, Humboldt, Larramendi, Unamuno, Lizarraga… daude. Egile hauek, azken batean, euskara eta Euskal Herriaren termometroa ematen digute aldi eta garai desberdinetan. Publiko zabal batengana jo nahi badugu, honelako ahaleginak egin behar ditugu”, uste du Urrutiak.

Erakusketa birtualera sartu eta Joanes Leizarragaren Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (1571) da ikusgai dagoen lehenengo obra. Euskal liburuen artean, ospetsuena da honakoa, hasiera batean eragin handirik izan ez bazuen ere. Liburuak erreforma protestantea du ardatz, baina garai hartan euskaldunek ez zuten protestante bihurtzeko aldekotasun handirik erakutsi eta lanak, momentu horretan, ez zuen eragin handirik izan. Urrutiaren arabera, obra honen ospeak hainbat arrazoiri erantzuten dio: “sasoi hartako egoera politikoa, nortasuna eta Biblia bera izatea”. Izan ere, Bibliaren berpizkundearen garaian obra honen itzulpenek garrantzi handia izan zuten, “herri bakoitzak bere hizkuntzan zuen testamentua eta, hala ere, euskarak ez zuen estatus ofiziala lortu, baldintza linguistikoak betetzen zituen arren”. Euskaltzainburuaren ustez, baldintza politiko eta ekonomikoa falta izan ziren.

Mende bat aurrera egin eta Silvain Pouvreauren (Combattimento spirituale) Gudu espirituala (1665) da erakusketan ikusgai dagoen bigarren liburua. Berez, Lorenzo Scupolik idatzi zuen italieraz eta Europako hainbat herrialdetan arrakasta handia lortu zuen, edizio mordoa izan zuen berehala eta hizkuntza askotara itzuli zen, baita euskarara ere. Sasoi honetako best seller izan zen eta arrakasta jarraitua izan zuen mendez mende.

Euskararen historian, XVII. mendean kontrarreformaren itzalpean agertzen diren liburu euskaldunak oso garrantzitsuak direlako aukeratu du Akademiak obra hau. “Garai horretan, euskara bera doitzen eta gaitzen duen edozein gai landu ahal izateko, euskal prosa mamitu, gauzatu eta gorpuztu egin zen, erlijioaren inguruan bazen ere”, azaldu du Urrutiak. “Une horretan, euskarak berak bere gorputza, indarra eta espresibitatea hartu zituen eta horregatik aukeratu nahi izan dugu orduko best seller hau”.

IRUÑEKO JATORRIZKO EUSKARAN Scupolirena ez da erakusketan erlijioa ardatz duen liburu bakarra, ildo beretik doa Joakin Lizarragaren Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiak (1846). Baina obra hau benetako harribitxia da, gaur egun, praktikan desagertua dagoen Iruñeko jatorrizko euskaran argitaratutako liburu bakarra delako. “Nafarroako euskalduntasunaren seinalea da –dio Urrutiak–. Euskararen presentzia gaur egun euskaldunak ez diren lurraldeetan zalantzan jartzen denean, hemen dago testigantza bizi-bizia. Apezak berak bere sermoiak euskaraz egiten zituen, herriak testu horiek euskaraz hartzen zituelako. Egileak berebiziko ahalegina egin zuen herriari euskara jaso batean sermoia transmititzeko. Eredu ezin hobea da”.

Laugarren liburuak, Frai Bartolome de Santa Teresak ondutako lanak Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba (1916) du izenburua. Bizkaierazko hasierako prosaren barruan kokatzen du Urrutiak. Garai jakin bateko giroa eta kontrol sozialak, batez ere moral katolikoaren aldetik, nolakoak ziren erakusten du liburuak. Hala ere, euskaltzainburuak azpimarratu duenez, “hizkuntza bera da transmisorea eta orduko eduki horiek euskararen bizitasuna erakusten dute”.

Manuel Larramendiren De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones, y ventajas sobre otras muchas lenguas (1728) eta El imposible vencido: arte de la lengua bascongada (1729) liburuak ere biltzen ditu erakusketak. Aurrenekoa euskararen apologia bat da, defentsa bat, gure hizkuntzak jasotzen zituen eraso eta gutxiespenen aurrean. Bigarrena, berriz, euskararen lehen gramatika da. Larramendik Hego Euskal Herrian, batez ere, bide bat markatu du, gerora jarraitu izan dena XX. mendera arte.

Bildumako seigarren lana Bocetos de un viaje a través del País Vasco da eta honen atzean bi pertsonaia daude, kontrajarriak direnak: Guillermo Humboldt eta Miguel de Unamuno. Alemaniako intelektuala Euskal Herrira etorri zen XIX. mendearen hasieran, euskaldunez miretsita geratu eta leku zentrala eman zien bere hausnarketetan, gehienak alemanez. Horregatik, hemen zirkulazio txikia izan zuten bere lanek. Unamunok hartu zuen gerora bere testuetako bat euskaratzeko ardura eta Euskal-Erria: revista bascongada aldizkarian argitaratu zuen, atalka. Euskararekin maiteminduta zegoen bilbotar idazlea hasiera batean, baina Urrutiaren arabera, azkenean euskara bera baztertu zuen, gaztelaniaren alderako. “Humboldt-ek euskara Europako hizkuntzatzat zuen bitartean, Unamunok euskararekiko kritikotasuna agertu zuen, ez zuen ikusten hizkuntza modernoa zenik”, Urrutiaren esanetan.

EUSKAL LETREN ZERTZELADAK Webgunearen bitartez, eta begirada arin baten bidez, ikusleak obra hauen ideia bat hartzea da Akademiaren asmoa, euskal letren historiaren aldetik zertzelada batzuk ematea. Euskaltzaindian uste dutelako bide horren bitartez, euskara eta euskal kulturaren zabalkundean ere eragin daitekeela eta hori da euren filosofia: “gure altxorrak diren horiek neurri batean gizarteratzea, kaleratzea, jendeak ikus dezan euskal kultura aberatsa dela”, nabarmendu du Urrutiak. Orain arte, Azkue Biblioteka eta Artxiboaren erabiltzailearen profila adituarena izan da eta Akademiak beste publiko mota batera zabaldu nahi du bere ondarea ekimen honekin. “Edonoren zereginetan balio dezan, aditu batenak izan, pertsona arrunt batenak izan edo jaki-nahiaz gure Bibliotekara hurbiltzen denarena izan”.

Ia mende bat atzera egin behar da, 1919 urtera hain justu, oraindik Resurreccion Maria Azkue bizirik zegoela, Euskaltzaindiaren bibliotekaren hastapena ezagutzeko. Lehen dohaintza garrantzitsua Lekeitioko euskaltzainburuarena izan zen. “Denboraren joan-etorrian, euskaltzain batzuk hil dira, beste pertsona batzuk, aldiz, Akademiara hurbildu dira eta apurka euren dokumentuak eta agiriak batuz, multzo polit bat sortu dugu”, eman du jakitera Urrutiak. Bestalde, aipatu duenez, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren ondare bibliografiko eta artxibistikoa ere gordetzen du Akademiak 2008az geroztik, Euskaltzaindiak eta Olaso Dorrea Sorrerakundeak elkarlanerako hitzarmena sinatu ondoren.

KATALOGOA SAREAN Duela hiru urte, berriz, teknologia berrietara hurbiltzeko beste pausu bat eman zuen Akademiak eta ondarearen katalogoa sarean jartzea erabaki zuen. Euskaltzainburuaren ustez, harrera bikaina izan zuen ekimenak, batez ere, “jende xehearen eta adituen eskuetan jarri genuelako euskal jendeak zeukan hainbat informazio, Azkueri buruzko gutunak, argazkiak… esate baterako, hor daude, guztion eskura, klik batera. Bide horretatik jarraitu behar dugu eta bide horretan haratago joateko asmo sendoa ere badaukagu, hori gaur egun ezinbestekoa delako Euskaltzaindiarentzat, guk nahi badugu Akademia moduan euskara eta euskal kultura bultzatu eta euskararen inguruko jakituria gizarteratu, horrelako teknologia berriak erabili behar ditugu, ez daukagu beste irtenbiderik. Irtenbide hori polita, esanguratsua eta onuragarria da euskal kulturarentzat eta baita Akademiarentzat ere.

Erakusketa birtualari dagokionez, oraingoz sei liburu hauek osatzen dute, baina Akademian asmoa dute hilean liburu berri bat gehitzeko. Urrutiak dioenez, hori da euren erronka: “Ikusiko dugu helburu hori betetzeko gauza garen, oraingoz liburuekin ari gara, baina beharbada bestelako agiriak ere sartuko ditugu. Ahalik eta modurik azkarrenean, erosoenean eta zabalenean euskal jendeari euskaraz ondutako material horiek eskaintzea da gure xedea”. Horrekin batera, aipatzekoa da Euskaltzaindiak webgune berria izango duela urritik aurrera eta, Urrutiak aurreratu duenez, erakusketa birtualak zati esanguratsu bat izango du bertan.

Secciones