bertako gaia

Antzezlan bat ekoitzi du Zarautzek Kalerkiren XXV. urteurrena ospatzeko

Egitarau berezia prestatu dute eta ‘A Lurpean’ izeneko obran sei aktore zarauztarrek hartuko dute parte

Ane Roteta - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

Zarautz - Uztailaren hasierarekin batera, Zarauzko kaleak antzerki, dantza eta musikaz beteko dira, urtero bezala, Kalerki Zarauzko Kale Antzerki Jaialdiarekin. Aurten, gainera, jaialdiak 25 urte beteko ditu eta Udaletik egitarau berezia prestatu dute.

Atzo aurkeztu zuten egitaraua eta bi berrikuntza nagusi izango ditu. Batetik, jaialdia luzatu egingo da eta bost egunetan ospatuko da, hain zuzen ere, uztailaren 4tik 8ra, eta bestetik, zarauztarrei protagonismoa emanez, sei aktore zarauztarrek interpretatutako A Lurpean antzezlana eskainiko dute urteurrena ospatzeko, Amancay Gaztañaga zestoarraren gidaritzapean.

“Alproja antzerki taldeko kide ba-tzuk jarri zuten martxan ekimen hau duela 25 urte, eta urte hauetan guztietan emanaldi ugari ikusteko aukera izan dugu herriko kaleetan. Duela bost urte hartu zuen Udalak bere gain jaialdiaren antolakun-tza, eta talde honek lehen egunean jarri zuen ilusio berarekin jarrai-tzen dugu, urtez urte, Kalerki antolatzen”, azaldu zuen Nekane Iribarrek, Kultura zinegotziak.

Iribarrek zehaztu zuenez, lan handia egin dute A Lurpean an-tzezlana prestatzeko eta ilusio handiz aurkeztuko dute obra, uztailaren 7 eta 8an, gaueko 23.00etan Errosaleda parkean. Amancay Gaztañagak azaldu zuenez, Lewis Carrollen Alicia en el País de las Maravillas obran oinarrituta dago antzezlana, ordu eta erdiko iraupena izango du eta ibiltaria izango da. Aktoreei dagokionez, Iraia Elias izango da protagonista, A pertsonaiaren paperean, eta Ainhoa Alberdi, Ander Iruretagoiena, Beñat Aristi, Koldo Arakistain eta Patxi Santamaria zarauztarrek osatuko dute taldea. Gainera, an-tzezlan honetan, Nere Izeta zarauztarrak jantziak diseinatu ditu, Joel Crespok argien sekuentziak prestatu ditu, eta kartela, berriz, Leire Ruizek egin du.

Bestalde, Kultura saileko teknikariak, Olatz Azkuek, aurtengo egitaraua bost egun iraungo duen bankete bat izango dela adieraiz zuen: “Banketea asteazkenean hasiko da, uztailaren 4ean. Egun honetan hiru pintxoko aperitiboa hartuko genuke, Oxido umore garratza isla-tzen duen hiru obra txikiekin”. Uztailaren 5ean, berriz, Trapu Zaharrak taldeak Hetsiak obra eskainiko du, eta horretaz gain, Baldin Bada akrobazia eta musika saioa, eta dantza garaikideko bi emakumezko talderen obrak, Revolución eta Mulïer izango dira ikusgai.

Ostiralean Transhumancia, haurrentzako antzezlan ibiltaria, Kale Gorrian etxegabetzeei buruzko humorezko antzezlana, Babo Royalclown saioa, Topa Kukai dantza taldearen emanaldia, eta El mundo por montera musika emanaldiak eskainiko dituzte.

Larunbatekoa ere egun potentea izango da eta honako obrak eskainiko dituzte: haurrentzako horren dibertigarria den Dira dira zezenak dira, estreinatu berri den Chef Natureantzezlana, alanbre gaineko dan-tza ikusgarria den Erraia, Kataluniako Music on cycles, eta Entre cuatro tiempos dantza bertikalaren ikuskizuna. Kalerkiri amaiera emateko, A Lurpean postrea izango da larunbatean, gaueko 23.00etan, eta igandean bigarren aldiz eskainiko dute obra, ordu eta leku berean.

Zarauztarren presentzia Jaialdian zarauztarrek presentzia berezia izango dutela azpimarratu zuen Azkue teknikariak: “Alde batetik, ostegun gauean Revolución dantza pieza eskainiko duen Anezka taldekideetako bat zarauztarra dugu, Maddi Argibe dantzaria. Eta, beste alde batetik, Zarauzko Udaletik landu dugun antzezlan ekoizpen berrian aktore guztiak herrikoak dira”.

Gaztañagak idatzi eta zuzendu du A Lurpean obra, eta bere hitzetan, antzezlana “gozatzeko obra bat da, esperientzia bat bizitzeko obra”. Lewis Carrolek absurduan oinarritutako lan bat sortu zuen, baina absurdo honek gure barru mundura bidaiatzeko aukera ematen digu eta barru mundu horretan bakoi-tzak duen desio txiki hori berriz aurkitzeko aukera ematen du. Guk horrela hartu dugu eta hari honi helduz sortu dugu ekoizpen hau”. Zen-tzu horretan, komedia ero bat dela eta artista baten bizitza kontatzen duela nabarmendu zuen. Gainera, publikoak paper berezia izango du antzezlanean;izan ere, “obraren amaieran A pertsonaiarekin batera, erabaki bat hartu beharko da eta erabaki hori publikoak hartuko du. Beraz, antzezlanaren amaiera publikoaren eskuetan izango da”.

Ainhoa Alberdi eta Patxi Santamaria aktoreek, bere aldetik, lan hau egitea “opari bat” izan dela eta obra prestatzen “oso gustura” ibili direla adierazi zuten.

Esan bezala, antzezlana uztailaren 7 eta 8an ikusteko aukera izango da, Errosaleda parkean, eta espazioa mugatua denez, bertara sartzeko aurrez sarrera eskuratu beharko da. Horretarako, 190 sarrera izango dira eskuragarri saio bakoitzeko, doan, Sanz Enea liburutegian, astelehenetik aurrera. Pertsona bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat ere ibilbide alternatibo bat prestatu dute antzezlana ikusi ahal izateko.

Amaitzeko, jaialdiaren barruan akrobazia tailerra eskainiko dutela gogoratu zuten, Shakti Olaizolaren eskutik, uztailaren 5etik 7ra (16.00etatik 18.00etara kiroldegian), eta tailerrean parte hartu nahi dutenek kultura@zarautz.eus helbidera ida-tzi edo 943 005 120 edo 609 223 075 telefonoetara dei dezakete.

Egitaraua

Uztailak 4, asteazkena. Oxido, 19.00etan, Villa Mundan.

Uztailak 5, osteguna. Trapu Zaharrak-en Hetsiak (19.00, udaletxeko plazan), Shakti Olaizolaren Baldin Bada (20.00, frontoi txikin), Anezka konpainiaren Revolución (22.00, Munoan), Cia. Maduixaren Mulïer (22.30, Munoan).

Uztailak 6, ostirala. Xip Xap Teatreren Transhumancia (19.00, Villa Mundan), Barsanti Teatroaren Kale Gorrian (21.00, Musika Plaza), Ganso y Ciaren Babo Royal(20.00, frontoi txikin), Kukai eta Brodas Bross-en Topa (22.30, Munoan) eta Rodrigo Cuevasen El mundo por montera (22.30, frontoi txiki).

Uztailak 7, larunbata. Recortauro-ren Dira dira zezenak dira(18.00etan udaletxetik), Markeliñeren Chef Nature (19.30, Munoan), Garazi&Cia-ren Erraia (20.30, frontoi txikin), La Dynamoren Music on cycles(21.00 eta 23.00 kaleetan), La GIo dantzaren Entre cuatro tiempos (22.00, Villa Manuelan), etaA Lurpean (23.00, Errosaledan).

Uztailak 8, igandea. A Lurpean-en bigarren saioa, 23.00etan.