GIZARTEA

Ordiziako garagardo azoka, kirola eta gozamena

Ordiziako garagardo azokaren irekierako ekitaldian, Jakintza ikastolako ikasleak, inaguruazio zinta mozten Beti Alai pilotalekuaren sarreran.

Jakintza Ikastolako ikasleek ireki dute aurten Ordizia Rugby taldekoen festa

M. Aranburu - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:04h.

ordizia - Ostegun arratsaldean zabaldu zuten aurtengo Ordiziako Garagardo azokaren 19. edizioa, Ordizia Rugby elkarteak antolatuta. Hala, Jakintza ikastolako ikasleek moztu zuten inaugurazioko zinta eta irekiera ofiziala eman zioten festa honi. Segidan bete zen ordiziar eta ingurukoez Beti Alai pilotalekua, goitik behera egokitua azokarentzako eta bisitariak hartzeko.

Garagardoa gustoko dutenek aukera zabala izango dute bihar iluntzera bitartean, arratsaldeko 18.00etan hasi eta gau erdira bitartean. Bertan eskuragarri dagoen karta 22 garagardok osatzen dute. Jatorriari dagokionez ere, ez da mugarik eta Euskal Herrian, Herbehereetan, Alemanian, Irlandan, Australian eta Espainian egindakoak dastatzeko aukera egongo da. Horietatik hamar horiak dira, bi txuriak, bi gorriak, hiru ilunak, bi beltzak eta zeliakoentzako garagardoa eta alkoholik gabea ere eskainiko da. Prezioa lau eurokoa ohiko garagardoentzat eta bereziena, berriz, 4,5 eurokoa. Edana ez ezik, jana ere eskainiko da. Ohiko menuak 30 euro balioko du eta ukondoa, saltxitxak, patata purea, postrea, garagardoak eta kafea sartzen dira prezio horretan. Iaz bezala, biharko egunean paella erraldoia sukaldatuko dute eta menu horrek 13 euro balioko du.

Aurtengo berrikuntzei dagokionez, zuzenean musikaz gozatzeko aukera ere eskainiko dute. Ordiziarock egitasmoak Chris Ruest blues musikaria bere bandarekin Ordizian egotea lortu du. Kontzertua gaur izango da, 23.00etan hasita, frontoi txikian.

taldeari, bultzada Ordiziako Rugby taldeak, gainera, taldeko produktuekin mahai bat ere jartzen dute. Bertan, hala nola, kamisetak, banderak, bufandak, baloiak eskuratzeko aukera egongo da. Baina ez hori bakarrik, datorren denboraldira begira bazkide izan nahi dutenek ere hori egiteko aukera izango dute egunotan.

Secciones