IAN NOSE, MARRAZKILARIA

“Komikien inguruan dena dago egiteko Euskal Herrian”

Oñatiko marrazkilariaren ‘Antxintxiketan: Lasterketademokratikoa’ komikia Veneziako Bienaleandago ikusgai, irailaren 25era arte

ETXAHUN GONZALEZ - Sábado, 30 de Junio de 2018 - Actualizado a las 14:30h.

IAN Nose izenaren atzean 1984 urtean Oñatin jaiotako Ioannes Busca dago. Arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen, eta marrazkilaria eta diseinatzailea da egun. Madriletik Puerto Ricora lekualdatu zen eta Filadelfian bizi da orain. Freelance bezala lan egiten du han. Bere komikietako bat –Antxintxiketan: Lasterketa demokratikoa– Veneziako Bienalean dago ikusgai. Espainiako hauteskunde orokorren inguruan egindako komiki zinten bilduma da, Rajoy, Sanchez, Iglesias eta Rivera protagonista dituena.

Veneziako Arkitektura Bienalean ikusgai dago jadanik ‘Antxintxiketan: Lasterketa demokratikoa’ zure lana. Espainiako pabilioian ikusi daiteke, irailaren 25era arte. Nolatan?

Inaugurazioaren aurretik, Venezian egon nintzen aste batez, izan ere, komikiez aparte, bideo edizioan ere aritzen naiz eta pabilioiko ikus-entzunezkoarekin lanean jardun dut. Komikiak normalean euskaraz idazten ditut lehenbizi, eta gero gaztelania eta ingelesera itzultzen ditut, baina Atxu Amann aurtengo komisarioari ideia ona iruditu zitzaion euskarazko bertsioa erakustea, eta horrela jarri dugu irakurgai. Izugarrizko lana egin dute aurtengo komisarioek, 120 bat proiektu daude ikusgai eta nire komikia oso ondo geratu da narratibako gunean. Ilusioa handia egin dit komikia euskaraz erakutsi ahal izateak.

Jaso duzu ikusleen iritzirik?

Nire komikiak, euskaraz egoteaz aparte, politikari espainiarrei barre egiten die. Egun baten handik paseatzen zebilen Venezuelako kargu altu batek hauxe esan zidan: “Nola lortu duzue horrelako pabilioi bat egitea duzuen gobernu faxista izanda?”. Hori da jaso dudan feedback-ik onena.

Lehenengo aldia da euskaraz idatzitako komiki bat Espainiako pabilioian ikusgai jartzen dutela. Aitzindaria zara, beraz.

Meritua komisarioena da. Ausarta izan behar da horretarako;ez dakit berriz gertatuko den... Komiki bat arkitekturako bienalean kokatzea ez da gauza erreza, eta euskaraz are gutxiago. Baina ea hemendik aurrera gehiagotan ikusten den. Egia esan, ia ez da komikirik argitaratzen euskaraz eta pena handia da. Komikipedia.eus atariaren arabera iragan urtean 29 lan besterik ez ziren argitaratu euskaraz. Ahabi Comics-en izenpean nire komikiak argitaratzen hasi gara orain eta begira ari gara ea modurik dagoen, ume ginela gustatzen zitzaizkigun komikien eskubideak lortu eta euskaraz argitaratzeko. Izan ere, komikien inguruan dena dago egiteko Euskal Herrian.

Horrexegatik jarri zenuen martxan, anaiarekin batera, Laino Mehe komikizaleen ataria.

Euskarazko argitalpenen munduan dagoen komiki eskasiari aurre egiteko ez bada ere, noizbehinka gure komikigile gogokoenen atal bat edo beste itzuli eta euskal irakurleekin partekatzeko sortu genuen ataria. 2011ko martxoan eman genituen lehen urratsak, Dragoi Bola marrazki bizidunen ETBko euskarazko bertsioa jatorrizko komikira egokituz. Bat zetorrela ikustean, lehenengo bost atalak transkribatu eta laino.me izeneko web orrian eskegi genituen. Gure lagunen artean arrakasta izan zuten arren, ez zitzaigun egokia iruditu egileen eskubiderik izan gabe aurrera jarraitzea. Era egokian argitaratzeko pausoak ematen ahalegindu ginen eta ordutik horretan ari gara, baina tamalez ez dugu arrakastarik izan oraindik. Luzerako doan proiektua da.

‘Puerto Ricon ere egiten du euria’ komikia idatzi zenuen. Herrialde hau Maria urakanak astindu zuen eta bertan bizi izan zara zeu ere.

Bi hilabetez egon nintzen han eta urakana bertan bizitzea tokatu zitzaidan. Filadelfiara etorri ginen gero emaztea, katua eta hirurok, eta Gabonetan lagun bat etorri zitzaigun bisitan. Erakusketa bat antolatzen zebilen skate-aren inguruan, FASST! Erakusketa, hain zuzen ere, eta parte hartu nahi nuen galdetu zidan. Baneukan gogoa Puerto Ricoko urakaneko bizipenen bat edo beste kontatzeko eta animatu nintzen. Ez dut argazkirik erabili historia marrazterakoan, buruan geratu zaizkidan irudiak saiatu naiz komikian erakusten eta horregatik ez dira oso errealistak. Asko hobetu beharra daukat oraindik.

Orain Filadelfian bizi zara.

Bai. Freelance bezala lan egiten dut, nire kontura. Bienala eta gero nire proiektuak aurrera ateratzeko denbora hartuko dut, gauza zaharrak webgunera igo, komiki gehiago marrazten jarraitu eta bestelako proiektu berriak nola aurrera atera pentsatzeko. Filadelfian oso gustura gaude, dena oinez egin genezake eta hori Amerikan ez da gauza erreza. Puerto Ricon kotxea ezinbestekoa zitzaigun denerako eta hona ekarri ere ez dugu egin. Oinez eta bizikletaz joaten gara leku guztietara.