BERTAKO GAIA

Idiazabalgo eskaintza turistikoa, ate zabalik

Beste urtebetez, udan Idiazabal ezagutzera gerturatzen diren turistentzako eskaintza zabala antolatu dute. Gainera, antolakuntzakoek nabarmendu dute eskualdeak turisten “beharra” duela.

M. Aranbururen erreportajea eta argazkia - Viernes, 29 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Idiazabal ez da herri handia, baina txikia izan arren badu beste hainbat herri handiagok nahi luketen presentzia bai eskualde mailan eta baita nazioartean ere. Ia mundu osoan ezaguna dela esan liteke, baina 2.200 biztanle ditu bakarrik. Txikia, baina berezia eta esaguran-tsua. Urtez urte jende ugari ingura-tzen da bertara, duen altxor preziatuena ezagutzera: Idiazabal gazta.

Beste urteetan bezalaxe, aurten ere udako eskaintza berezia antolatu dute herrian. Bihar emango diote hasiera denboraldi turistikoari eta lehenengo aldaketa Gaztaren Interpretazio zentroaren ordutegia izango da. Eraikinak ordutegi malguagoa izango du udan, hain zuzen ere, irailaren 30a bitartean, astelehenetik igandera egongo da irekita, 11.00etan hasi eta 14.00ak arte, eta arratsaldean 16.00-etatik 19.00ak arte Ohikoa izaten da urtean zehar bisitariak izatea zentroan, baina uda garaian, dudarik gabe, turisten mailak gora egiten du. Bertan, Idiazabal gaztaren xehetasunak eta oinarria ezagutzeko aukera izateaz gain, gazta dastatzeko aukera ere eskaintzen dute.

Eli Lopez de Munain Idiazabalgo turismo teknikaria da eta haren hi-tzetan, “asko dira urtero Idiazabalera gerturatzen direnak”. Hala ere, bai berak eta baita Ioritz Imaz, Idiazabalgo alkateak, onartzen dute askotan jendeak ez dakiela zer aurkitu behar duen herrira joandakoan, alegia, badakite Idiazabalen gazta egiten dela edo izenagatik gerturatzen dira baina ondoren, behin iritsita, ez dakite zeintzuk diren herriak eskaintzen dituen aukerak. “Batzuk Idiazabal herri bat dela ikusitakoan ere harritu egiten dira, pentsatzen dute mendian galduta dagoela eta ez dela herri bat ere izango”, azaldu du teknikariak. Bestalde, Idiazabal gaztaren inguruan inork ez du dudarik izaten, guztiak dakite zer aurkitu nahi duten.

berrikuntzak Urtero etortzen den turista fluxuari behar bezalako eskaintza emateko asmoarekin, berrikuntzak ere gehitu dituzte aurtengoan eta Idiazabal paketea deri-tzotena sortu dute. Honako aukerak elkartuko ditu pakete edo bonuak: Idiazabal bisitatzen dutenek Gaztaren Interpretazio zentroko bisita, herriko gaztandegi bateko bisita eta bertako jatetxe batean menuaz gozatu ahal izango dute prezio itxi baten barruan. Hori gutxi balitz, uda dela kontuan izanda, bonu hau erosten dutenek herriko igerilekurako sarrera ere doan izango dute.

Jatetxeei dagokionean, Xume, Pilar Enea eta Guardi jatetxeek bat egingo dute egitasmo honekin eta menuak eskainiko dituzte. “Herria ezagutzera etortzen denak bertan jateko aukera izango du beste inora joan gabe”, azaldu du alkateak.

Herrian ere badaude gaztagileak eta hauek haien etxe eta negozio- etako ateak zabalduko dituzte bisitariek haien begiekin ikusi dezaten nolakoa izaten den gazta bat egitearen prozesua hasieratik eta hori ez ezik, norbere eskuekin gazta bat egiteko aukera ere emango da. J. Aranburuk urteak daramatza halako bisitak antolatzen, esperientzia handia du alor horretan eta Gaztainaditxulo gaztandegiak ere bai. Aurten Goiburuk ere bere gaztandegia bisita-tzeko aukera emango du. Interpretazio zentroak, gainera, bonu honetako eskaintzaz gain, egunero herriko gaztandegiren bat bisitatzeko aukera eskainiko du goiz eta arratsaldez. Bestalde, uztaila eta abuztuko igande guztietan J. Aranburu gaztandegian bisita bereziak egingo dituzte 11.00etatik 13.00etara, Idiazabal Gaztaren ekoizpen prozesua azaltzeko. Uztailaren 14, 25 eta abuztuaren 11 eta 25ean, berriz, Gaztainaditxulo gaztandegiko Ander Barandiaran artzainak bere ardi latxek artaldea erakutsiko du 11.30-etatik 13.00etara.

Turisten “beharra” Barne turismoa izaten da Gaztaren interpretazio zentroan nagusi eta Lopez de Munainek hala zehaztu du bisitarien profila: “batez ere, euskaldunak etor-tzen zaizkigu. Horiez gain, Madril eta Kataluniako jende ugari ere etortzen da, eta azken aldian Valentzia eta Andaluziako jende gehiagok bisita-tzen gaituela ere nabaritu dugu”.

Niko Osinaldek, Goitur Goierriko Turismo Agentziako zuzendariak, uste du eskualdean turistak etortzea beharrezkoa dela: “turismo datu oso onak ditugu eskualdean baina zaila da horiek mantentzea. Guk geroz eta turista gehiago etortzea nahi dugu, familia asko daudelako horretaz bizi direnak. Geroz eta jende gehiago etorri, guretzako hobe”.

Idiazabalgo eskaintza turistikoa bihar zabalduko da beraz, eta hilabete hauetan esku zabalik hartuko dituzte bisitariak herrian eskaintzen diren ekintza guztietan.