Legebiltzarrak portuen kudeaketako euskal eredua ezartzen duen Portuen eta Itsas Garraioaren Legea onetsi du

Jueves, 28 de Junio de 2018 - Actualizado a las 17:09h.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua komunikabideen aurrera etorri da gaur, Eusko Legebiltzarrak EAEko Portuen eta Itsas Garraioaren Legea onetsi ondoren. Tapiarekin batera Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea, Aitor Etxebarria Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria, eta Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portuak (EKP) Sozietate Publikoaren Zuzendaria egon dira.

Sailburua pozik agertu da "legealdi asko zain egon den Legeari, Euskadik eta bertako portu azpiegiturek gainditu gabe zuten ikasgaiari, argi berdea eman zaiolako". Berariaz eman dizkie eskerrak "arau berriaren onespena posible egin duten Legebiltzarreko taldeei". Sailburuaren esanetan, "izpiritu integratzailea duen eta partaidetza zabalean oinarritu den testu ona da", eta "Legebiltzarreko talde guztien hobekuntzarako zuzenketak sartzeko egin den esfortzu berezia" azpimarratu du.

Euskadiko Portuen araubide juridikoak portu kontzeptu orokorra aurreikusten du, portu horietan aurrera eramaten diren jarduera eta erabilera desberdinak espazio fisiko berean ematen baitira. Arantxa Tapiaren hitzetan, "Euskadiko portuen eskala txikiaren ondorioz, hainbat erabilera, itsasoko kirola, itsasoko garraioa, merkataritza/industriala edo arrantza, besteak beste, hiriguneetatik oso gertu daude", eta, sarri askotan, portua hiriaren ezinbesteko gunea da. Hori dela eta, euskal kostaldeko portuak oso erakargarriak dira, eta azken urteetan hori "itsasoko turismoaren gorakada garrantzitsuan" islatu da.

Hori dela eta, Sailburuaren iritziz "beharrezkoa zen portuen erabilerak eraginkortasunez eta modu antolatuan arautzea, portu horiek dauden udalerrietako ohiko jarduerekin lankidetza bilatuz". Iraunkortasun, elkartasun, kudeaketa integratu, irisgarritasun, eraginkortasun eta intermodalitate printzipioetan oinarritutako kudeaketa eredua bilatu da.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren titulartasunpean dauden 15 portuak kudeatzen ditu (Hondarribia, Donostia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku Gipuzkoan eta Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentzia Bizkaian). Lege berria ezin da aplikatu EAEn dauden interes orokorreko Portuetan, Bilbon eta Pasaian, hain zuzen ere.

Portuen eta Itsas Garraioaren Lege berriaren xedea hau da:

- Eusko Jaurlaritzaren titulartasunpean dauden portuetarako eta portuetako eta itsasoko instalazioetarako aplikagarria izango den araubide juridikoa ezartzea.

- Portuko jabari publikoaren kudeaketa arautzea.

- Euskadiko Autonomia Erkidegoko Portu Administrazioaren egitura eta funtzionamendua definitzea.

- Portuko jabari publikoaren erabileratik eta portuko zerbitzuen prestaziotik sortutako ekonomia eta finantza araubidea arautzea.

- Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumeneko itsas garraio jarduera antolatzea, bidaiariena, merkantziena eta mistoa.

- Autonomia mailako portuko jabari publikoan zehapen araubidea eta ikuskapen eta kontrol gaitasunak ezartzea.

Portuko zerbitzuen prestazio erregimenari dagokionez, Legeak zerbitzu horien prestazio publikoa azpimarratzen du. Duten neurri txikia dela eta, operadore pribatu batek baino gehiagok zerbitzuak eskaintzea -eta hori ezinbestekoa da beharrezko lehiakortasuna bermatzeko- zaila den Euskadiko Autonomia Erkidegoko portuetan, orokorrean zerbitzu horiek portuko administrazioak berak eskaintzea erabakitzen da, irizpide orokor gisa, zuzenean edo kontratazio formula aplikagarrien bitartez.

Legeak Portuko Udal Kontseilua sortzea aurreikusten du, erakundeen eta gizartearen partaidetzarako tresna gisa, portu administrazioaren eta portua duten udalerrien arduraduna den udal administrazioaren arteko harremanak egituratzeko. Portuko jardueraren eta udalerrien ohiko jardueraren arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten da.

Gaur onetsi den Portu Legearen arabera, portuko antolamendua oinarrizko bi tresnaren gainean egituratzen da: hirigintza arloko erabilera arautzen duten Portu Antolamenduko Plan Bereziak, eta gune bakoitzerako helburu mugatzaileak eta antolakuntzakoak dituen Portuko Espazioen eta Erabileren Mugaketa.

Legeak, bidaiarien eta merkantzien itsas garraioa eta garraio mistoa eskaintzen duten enpresen inskripzioa barne hartuko duen Itsas Garraioko Enpresa Operadoreen Erregistroa ezartzen du. Informaziorako erregistroa izango da: publizitaterako bakarrik inskripzioaren edukia definitzen da: zerbitzuaren eskaintzaren ibilbideak, ordutegiak eta epealdiak;ontziak eta beraien ezaugarriak;tarifak eta bestelako baldintza ekonomikoak.

Polizia eta zehapen araubideari dagokionez, Legeak portuen jardueraren iraunkortasunerako bermeak ezartzen ditu, kaleratze eta jabetza berreskuratze gaitasunak gauzatuz, legezkotasun printzipioan oinarrituz, eta arau hausteak arinetan, larrietan eta oso larrietan sailkatuz.

Portuetako Tasei dagokienez, legeak portuetako tasei dagokien erregulazioaren azterketa orokorra ezartzen du, horien definizio eta egituraketa berri osoa sartuz.