Euskadiko abiadura handia, Europaren lehentasuna

Miércoles, 27 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:29h.

Europako Kontuen Auzitegiak jendaurrean jarri dituen ondorioak kontuan hartuta, Arantxa Tapia sailburuak esan du Atlantikoko ardatzak jarraitzen duela lehentasunezkoa izaten Europarako;beraz, euskal Y-ak, lehentasunezko Europa barneko konexioak, jarraitzen du funtsezkoa izaten Europako trenbide-garraiorako.

Sailburuak kritikatu du Espainiako Gobernuak abiadura handiko lineak eraikitzeko egin duen plangintza;izan ere, tarteak eraiki eta orokortu dira probintziako hiriburu guztietara, eta ez da nahikoa apustu egin lehentasunezko ardatzak amaitzeko, besteak beste, euskal Y-a. Azpiegitura horren atzerapena eta koordinaziorik eza etengabeak izan dira, baina Euskadin erabakitasunez ari gara lanean, abiadura handiko sarea amaitzea lortzeko. Sustapen hori etengabea izaten ari da, kupoaren formulari eta Eusko Jaurlaritzak obraren zati baten plangintzan eta garapenean duen inplikazioari esker.

Europako Kontuen Auzitegia kritikoa da, halaber, abiadura handiko lineei ematen zaien erabilerarekin, eta lineetan bidaiari falta dagoela salatu du eta, ondorioz, bideragarria ez dela. Hori horrela, Tapiak nabarmendu du euskal azpiegitura berriak beteko duen eginkizun bikoitza;izan ere, proiektuak trafiko mistoak aurreikusten ditu, eta ez da bidaiariak bakarrik garraiatzeko sarea. Tapiak nabarmendu du zer garrantzitsua den erabilera misto hori, eta trenbide-autobidearen proiektuari eutsi dio;izan ere, salgaien garraioak hobekuntza lehiakor garrantzitsua ekarriko dio Euskadiko industria-ekonomiari, besteak beste.

Europar Batasunak berak ezagutzera eman zuen azken lehiakortasun-azterlanean ziurtatu zuen Euskadirentzat abiadura handirik eza handicap handia zela eta, beraz, erakundeei eskatu zien lanean jarrai zezaten, abiadura handiko azpiegitura ahalik eta lasterren martxan jarri ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du lanean, euskal Y-aren obrek aurrera jarrai dezaten, aurreikusitako epeetan, eta Tapiak gogorarazi du, Espainiako Gobernuaren aldaketaren ondoren, Jose Luis Abalos Sustapen ministro berriari premiazko bilera egiteko eskatu diotela. Ahalik eta lasterren egingo dela espero da. Sailburuak Madrili eskatu dio txostena arretaz aztertzeko eta horren ondorioz jarduteko eta, horrela, lehentasuna emateko benetan lehentasunezkoak diren ardatzei eta gizartearen ongizatea eta lehiakortasuna sustatzen ez duten joera politikoetarako erabakirik ez hartzeko.