Julen Urrestarazu Ibarrako Gazte Zulo zerbitzuko koordinatzaile berria

“Gazteekin lan egiteak gaztetu eta aktibo mantentzen nau, ezin naiz erlaxatu”

Gazte Zuloko lan-talde berriak orain arte egindako lan onari jarraipena ematea du helburu, baina erronkak ere baditu Julen Urrestarazu koordinatzaile ibartarrak

Marta San Sebastian - Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Ibarra - Zerbitzua herriratzea eta 16 urtetik gorakoei eskaintza interesgarria egitea dira, besteak beste, lan-talde berriak finkatu dituen helburuak. Gazte Zulok gidari berriak ditu;orain Julen Urrestarazuk koordinatuko du haur, nerabe eta gazteei zuzendutako zerbitzua eta bidelagun izango ditu Itxaso Orbegozo eta Irati Bordagaray hezitzaileak.

Gogotsu heldu al diozu erronka berriari?

-Bai, herriko gazteekin lan egiteko aukera dut eta erronka oso polita iruditzen zait.

Zein esperientzia duzu arlo honetan?

-Lau urte eman ditut nerabeekin lan egiten;Irungo gaztelekuan aritu nintzen urtebetez eta ondoren, kale hezitzaile bezala hiru urtez. Horrez gain, Ibarrako Txiribitu aisialdi taldean eta udalekuetan ere ibili naiz.

Duela hiru urte jarri zen martxan Gazte Zulo eta erreferente bilakatu da...

-Ibarra hankamotz zegoen, nerabeentzat ez zelako zerbitzurik eskaintzen Txiribitu aisialdi taldetik haratago. Espazio honek leku bat eskaini die herriko nerabeei bertan egon ahal izateko, harremantzeko eta beraien grinak aurrera eramateko. Hiru urte hauetan oso lan ona egin da eta erreferentziazko lekua da gaur egun Gazte Zulo, eta gazteek horrela sentitzen dute.

Zein da orain zuen lana?

-Ez gara hutsetik hasten;guri olatua hartzea dagokigu. Gazte Zulo erreferentziazko lekua izaten jarraitu behar du eta guk, ahal dugun heinean, zerbitzua hobetu behar dugu.

Zein adin-tarteko erabiltzaileak ditu Gazte Zulok?

-Teorikoki 0-30 adin tartea hartzen du zebitzuak. Hori dago jarrita paperean, baina praktikan LH 1etik DBH 4ko erabiltzaileak ditu batez ere, hau da, sei urtetik 16 urtera bitartekoak. Erronketako bat hori da, hain zuzen ere, 16 urtetik gorakoei zerbait eskaini ahal izatea...

Gazte horiek gaztetxera gerturatzen dira orain...

-Bai, hori da. Haur eta nerabeen asistentzia oso ona da, baina DBH 3tik aurrera ez dute hainbeste denbora pasatzen Gazte Zulon. Haurrentzako espazioa dela pentsatzen dute eta agian ekipamendua aldatu beharko da... Uste dut guk 16 urtetik gorakoei ere zerbait eskaini diezaiekegula;formaziora bideratuta, lan-munduan lagunduz, orientazioan...

Zein dira beste erronkak?

-Zerbitzua herriratu nahi dugu. Orain arte lan handia eta ona egin da, baina Gazte Zulon egin da. Herriko beste eragileekin lana koordinatu nahi dugu, asko baitira;Alurr, Uzturpe Ikastola, Gazte Asanblada... eta egitasmoa berriak sortu.

Ibartarra zara, bertakoa, gertutasuna eta ezagutza zure alde izango dituzu, ezta?

-Bertakoa izatea lagungarri izango zait, erraztasuna emango dit ingurua ezagutzeak eta aurpegi ezaguna naiz. Hala ere, batzutan pentsatzen dut handicap modukoa ere izan daitekeela, izan ere oso presente egongo naiz beraien bizitzan eta hori neurtzen saiatuko naiz.

Lanpostua onartzeak, beraz, zalantzak sortu dizkizu?

-Erabakia nahiko erraz hartu nuen, nire ibilbide profesionalean salto handia suposatzen duelako. Erronka handia da eta ardura ere bai. Aisialdi munduan Ibarran lan egin dut eta ikasi dudan guztia praktikan jartzeak ilusio handia egiten dit, ikusita, gainera, zerbitzu honek zein ibilbide izan duen...

Udan gaude eta ekintza bereziak prestatu dituzue?

-Bai, ekintza bereziak egingo ditugu adinaren arabera eta beraiek proposatutakoari erantzunez. Batez ere irteerak antolatu ditugu, gure lehentasuna nerabeekin denbora pasa-tzea eta beraien konfiantza gureganatzea delako.

Abuztuan itxita egongo da zerbitzua?

-Orain arte Ibarrako San Bartolome festetan ez da lanketa berezirik egin. Festetan haurrentzat eta gazteen-tzat ekitaldi asko izaten dira, baina nerabeentzat ez, eta aurten hori aldatuko da. Beraiek proposatuta eta antolatuta, futbol partida bereziak egingo dituzte puzgarri batzuetan sartuta eta giza-tiragomarekin ere praktikatuko dute.

Nolakoa da gaur egungo gazteria?

-Albiste asko ikuspuntu negatibotik ematen dira, eta horrek asko amorratzen nau. Grinak bideratzen lagundu behar zaie eta, batez ere, entzuten jakin. Gertatzen da askotan nerabeek egiten dituzten proposamenek sendotuta dauden oinarriak aldatzera behartzen gaituztela, eta jendea ez dago horretarako prest, nahiago dute betikoa egiten jarraitu.

Zergatik gustatzen zaizu nerabe eta gazteekin lan egitea?

-Gaztetu egiten naute, oso gazte sentitzen naiz. Ezin zara erlaxatu eta beti egon behar duzu aktibo, bota-tzen dituzten ideia guztiak harrapa-tzeko prest.