Euskadin hezkuntza-eremuan akordio bat lortzeko lanean

Cristina Uriarte, Josu Erkoreka eta Estefanía Beltrán de Heredia. (Irekia)

Martes, 26 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:22h.

Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek oinarri-dokumentu bat aurkeztu du Gobernu Kontseiluan, "hezkuntzaren aldeko akordio" bat lortzeko. Uriartek dokumentuaren edukia azaldu du ondoren egin den prentsaurrekoan. Prentsaurreko horretan, halaber, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka izan dira, eta Euskal Herriko Poliziaren Legearen Proiektua eta bileran aztertutako gainerako gaiak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren.

Hezkuntzako sailburuak adierazi duenez, aurkeztutako dokumentuak "hezkuntza-akordio bat bultzatzeko premiari" erantzuten dio. Aurkeztutako dokumentuak, nolanahi ere, hezkuntza-agenteekin batera landutako "zoru komun bat" ezartzen du. Uriartek gogorarazi duenez, Euskal Eskola Publikoaren Legeak hogeita bost urte bete ditu 2018an, eta "beharrezkoa da euskal hezkuntza-eredua berriz pentsatu eta formulatzea eta testuinguru berrira, paradigma berrira egokitzea, euskal gizartea etorkizun hurbilean hezkuntza-eremuan ere planteatuko diren erronkei aurre egiteko prestatze aldera". "Euskadiko Hezkuntzaren aldeko Akordioaren Oinarriak" dokumentuak hezkuntzaren testuinguru berria zein aurrean dituen erronka ugariak identifikatzen ditu. Uriartek adierazi duenez, akordioaren azken helburua honako hau da: "euskal hezkuntza-sistemaren oinarriak eta denboran iraungo duten printzipio egonkorrak finkatzea ahalbidetuko duen gogoeta partekatu bat egitea, eta asmo handiagoko helburuak (hala nola etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legea) lortzeko erreferentzia bihurtzea". Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorriko du hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzearekin landu den eta joan den irailean hasitako prozesu baten ondorioa den dokumentu hori.

Bestalde, Segurtasuneko sailburuak Euskal Herriko Poliziaren Legearen bosgarren aldaketari buruzko proiektua aurkeztu du. Proiektu horretan, polizia-ereduaren alderdi batzuk sendotzeko hainbat erreforma jasotzen dira. Beltrán de Herediak zehaztu duenez, eredu horrek herritarrei zerbitzua ematea (eta herritarrei kontuak ematea) eta polizia-zerbitzuak eskubideetan berdinak diren emakumeez eta gizonez osatutako gizarte ireki, plural eta elebidun batean txertatzea ditu ardatz. Gobernu Kontseiluak onartutako testuak, besteak beste, Poliziaren Etikaren Europako kodea txertatzea eta poliziaren jardunbide egokia sustatzeko sistema sendotzea hartzen ditu kontuan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia polizia-segurtasunari atxikitako funtzionarioak hautatzeko organo iraunkorra izatea ezartzen du, beste zenbait ekimenen artean.

Iritsi dira Aquariuseko lehen iheslariak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, gaur gauean iritsi dira Euskadira Aquariuseko lehen iheslariak. Zehazki, 8 pertsona iritsi dira, eta CEAR-EUSKADI erakundearekin lankidetzan arreta eskaini ondoren, Gasteiz, Bilbo eta Tolosako etxebizitza batzuetara eraman dituzte.

Adierazi duenez, osasun-egoera onean daude, eta harrera lasai, zuhurtasun handiz eta Espainiako Gobernuarekin koordinatuta egin da."Euskadi herrialde txikia da, ahalmen mugatuak dituena, baina muturreko premia-egoeran iritsi diren pertsona horiei laguntzeko erabakia eta konpromisoa hartu dugu", gaineratu du.

Era berean, bozeramaileak gaineratu duenez, 5,3 milioi euroko laguntzak onartu dira euskal GGKEek babesik ez duten edo gerra-egoeran dauden eremuetan ekintza humanitarioak egin ahal izan ditzaten.

Urkullu-Sanchez-en arteko bilera

Urkullu lehendakariak eta Sanchez presidentearekin atzo izan zuen bilerari buruz galdetuta, bozeramaileak esan du lehendakariak Jaurlaritzako sailburuei eskatu diela berehala harremanetan jartzeko Gobernu Zentralarekin, bi aldeetako presidenteek ezarri dituzten lerroetako akordioak ahalik eta azkarren gauzatu daitezen.

Secciones