Elkarrizketarako eta elkar aditzeko etapa berria

Lunes, 25 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:13h.

Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús Carmen San José gaur goizean bildu da Lan, Migrazio eta Gizarte Segurtasuneko Ministro Magdalena Valeriorekin, Madrilen. Sailburuak adierazi duenez, ziur dago elkarrizketarako eta elkar aditzeko etapa bati eman diotela hasiera.

“Magdalena Valerio Ministroarekin izan berri dudan elkarrizketa adeitsua eta lasaia izan da, eta zuzentzen ditugun taldeen arteko koordinazioaren oinarriak finkatu ditugu bertan, eta baita elkarrizketarako oztoporik gabeko bideak ere baterako helburuei aurre egiteko”, azaldu du San José Sailburuak. Bestalde, adierazi duenez, epe laburrean, iruzurraren aurkako borrokari eta laneko ikuskaritza-zereginen eraginkortasunari emango diote lehentasuna.

Horren haritik, Sailburuak esan du bat datorrela VALERIO ministroarekin ikuskaritza indartzeko apustuan. “Badaki Euskadin egiten dihardugun ahalegina oso emaitza positiboak ekartzen ari dela”, zehaztu du.

San José Sailburuak jakinarazi duenez, joan den urtean 2.000 kontratu inguru aldatzea lortu zuten, eta lehen hiruhilekoaren balantzea ixteko zain, behin-behineko emaitzak hobeak izango dira ziur.

“Gainera, bat gatoz Parlamentuan behar den gehiengoa egituratzen den bitartean, lan-erreforma indargabetzeko aukera emango duena, aurreneko aldaketek elkarrizketa sozialaren bidetik etorri behar dutela”, nabarmendu du.

Bestalde, Gizarte Segurantzako erregimen ekonomikoaren kudeaketaren gardentasuna aipatu du Sailburuak, eta adierazi duenez, “guztiok jabetzen gara prozesuaren konplexutasunaz, egiteko dauden gainerako konpetentziak bezala, bi administrazioek negoziatuko dituztenak", adierazi du.

Bestalde, gaur goizeko bileratik nabarmendu beharreko beste alderdi bat izan da Laneko Segurtasuna eta Osasuna enpleguaren kalitatearen faktore nagusi gisa.

Azkenik, pentsioen orainari eta geroari buruz, San José Sailburuak esan du honetan ere bat datorrela VALERIO ministroarekin:

Batetik, Toledoko Itunari dagokio pentsio duinak bermatzea.Eta bestetik, Pentsioen Sistema Publikoa berrorekatu eta bermatzeko logikoa dirudi Estatuko Aurrekontu Orokorrek beregain hartzeak prestazioei ez dagozkien kostuak.

“Azken batean, oso bilera adeitsua eta oso emankorra izan da gaurkoa. Bertan, oztoporik gabeko bideak finkatu ditugu lankidetzarako, epe laburrean aukera emango dutenak gure lehentasuna indartzeko laneko iruzurraren aurkako borrokan.