Gema Intxausti, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea, Gure Artea sariak

Gure Artea Sariak.

Lunes, 25 de Junio de 2018 - Actualizado a las 16:15h.

DONOSTIA. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sarien aurtengo irabazleak eman ditu gaur ezagutzera: Gema Intxausti, Erlea Maneros eta, azkenik, Bulegoa z/b taldeko Beatriz Cavia, Isabel de Naverán, Miren Jaio eta Leire Vergara. Sailburuak Donostiako San Telmo Museoan izandako ekitaldi batean eman du albistea, eta harekin batera izan dira hiru sariak jasoko dituzten artistak. Sariak banatzeko gala azaroan egingo da.

Zupiria sailburuak nabarmendu du sari hauek funtsezkoak direla saritutako artisten lana ikusgaiago egiteko, bai eta, oro har, Euskadin arte plastikoen eta ikusizkoen alorrean egiten dena ezagutarazteko ere: "Gure Artea sarien helburua da artisten lan bikaina saritzea eta, halaber, lan hau ezagutaraztea. Sortzaile hauen lana ikusgaiago egin nahi dugu eta publikoari erakutsi nahi diogu arlo honetan Euskadin dagoen talentu azpimarragarria". Zupiria sailburuaz gain, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea ere izan da gaurko ekitaldian, eta berak irakurri du aurtengo epaimahaiaren ebazpena. Clara Montero (presidentea), Alaitz Arenzana, Iñaki Garmendia, Lourdes Mendez eta Manuel Cirauqui izan dira aurtengo epaimahaikideak.

Ibilbide Artistikoari Saria

Ibilbide Artistikoa saritzen duen modalitatean Gema Intxausti Miangolarra izan da aurtengo irabazlea. Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu du "lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko hautua bere lanaren ezaugarri nagusietako bat" dela. "Horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko bere hausnarketa;hala nola, sorkuntza plastikoaren eta ikusizkoaren bidezko irudikapenaren ingurukoa", gehitu dute ebazpenean. Horrez gain, epaimahaiak azpimarratu du haren "ibilbide koherentea", "joera igarokorretatik aldendua, non pintura, eskultura eta zineaz baliatu baiten bizitza duinaren, inkomunikazioaren, nortasunaren, oinazearen eta plazerraren inguruan hausnartzeko". Azkenik, epaimahaikideek esan dute "haren lanak ekarpen garrantzitsua" egin diola ikusizko euskal sorkuntza garaikideari.

Sorkuntza Lana Aitortzeko Saria

Sorkuntza Lana Aitortzeko Sariari dagokionez, Erlea Maneros Zabala izan da aurtengo saritua. Kasu honetan epaimahaiak nabarmendu du "posizionamendu kritiko argia eta irudien artisau-trataera uztartzen dituen artista baten lanean ikus daitekeen koherentzia eta etengabeko ikerketa". Hartara, epaimahaikideek azpimarratu dute "tradizio grafiko ezberdinei loturiko prozedurak -grabatua, kartela edo fanzinea- berriz asmatzearekin batera, ondorio historiko, politiko eta sozial aipagarriak dituen ikonografia bat" garatu duela.

Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako Lana aitortzeko saria

Azkenik, Bulegoa z/b taldea izan da Arte Plastiko eta Ikusizkoen arloan agenteek egindako Lana Aitortzeko sariaren irabazlea. Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osatzen duten talde honen kasuan, epaimahaiak azpimarratu du "gizarte-ehunaren eta kultura-erakundeen arteko bitartekaritzaren aldeko konpromiso irmoa duen proposamen bat eskaini dio euskal testuinguruari". Era berean, tokiko mailan -Solokoetxe auzoan, gehienbat- duen eginkizun dinamizatzailea baloratu da, bai eta sareko nazioarteko proiektutan duen parte-hartzea ere;ondokoekin lan egin du: If I Can't Dance (Amsterdam), Tate Modern (Londres), KW (Berlin), CAC (Vilnius) eta M-Museum (Lovaina).

Sari hauek sormenaren garapena bultzatzea dute helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz. Guztira, 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen modalitate ezberdinetara, eta irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta "egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik" nabarmentzen den artisten lana saritzen du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta "bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea" saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du. Hortaz, sari hauen baitan bai sortzailean, bai bestelako agentean saritu daitezke.

Secciones