bertan

Gaueko taxi-bus zerbitzua izango da udan Zarautzen

Gloria Vazquez eta Jesus Arana zinegotziak, udaltzaingoaren parean erabili beharko diren txartelekin.

Emakumeentzako zerbitzu pilotua San Pelaiotan jarriko du martxan Udalak

Ane Roteta - Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 07:53h.

Zarautz - Zarautzen emakumeen-tzako taxi-bus zerbitzua izango da San Pelaio festetan hasi eta irailaren 15era bitartean. Hala adierazi zuten atzo prentsaurrekoan Gloria Vazquez eta Jesus Arana zinegotziek udaltzaingoaren parean, taxi-busaren geltokia izango den lekuan.

Zerbitzua goizeko 1.00etatik 5.00etara eskainiko da udako ostiral eta larunbatetan, baina salbuespenak San Pelaioak eta Aste Nagusia izango dira. Hala, hilabete honetan, datorren asteburuaz gain (ekainaren 29 eta 30), 25, 26 eta 27an ere erabili ahal izango da taxi-busa, eta abuztuko Aste Nagusian ere egunero izango da martxan.

Jesus Arana zinegotziak zehaztu zuenez, ezarritako ordu-tartean “eskatu ahala” erabili ahal izango da taxi-busa, “hori bai, taxi-busa den heinean, pertsona bat baino gehiago har ditzake momentu berean eta pertsona bakoitza bizi den lekura eramango du”. Pertsona bat soilik egongo balitz, 15 minutu itxaron beharko lituzke, gehienez. Zerbitzua Zarauzko herrira mugatuko da eta ez du kanpoko herrietara zerbitzurik eskainiko. Prezioari dagokionez, Udalak oinarrizko bi tarifa ezarri ditu;batetik, Zarauzko auzoetara joateko 2 euro ordaindu beharko dira, eta Talaimendira igotzeko, berriz, 3,5 euro.

Zerbitzua erabili ahal izateko tiketa eskuratu beharko da, eta hori aurrez edo momentuan bertan hartu beharko da Udaltzaingoan, eta datorren astetik aurrera HAZen ere eskuragarri izango dira. Ordainketa, aldiz, taxian bertan egin beharko da zerbi-tzua erabiltzean.

“Iaz, uda garaian, hainbat eraso sexista izan genituen eta horren aurrean mugimendu feministak proposamen batzuk luzatu zizkigun. Horietako bat autobus zerbitzua luza-tzea izan zen, baina arazo teknikoak zirela ikusita, taxi-busarekin konpon-tzea pentsatu dugu”, adierazi zuen Vazquezek. Zerbitzua bereziki emakumeentzat den arren, “beharra sentitzen duen herritar ororentzat” dela nabarmendu zuen Aranak.

Bestalde, Parekidetasun zinegotzia den Vazquezek jakinarazi zuen uztailerako bi autodefentsa ikastaro antolatu dituztela (bata 17 urtetik gorakoentzat, hilaren 3 eta 4ean;eta bestea, 13 eta 16 urte bitartekoentzat, 9 eta 10ean). Ikastaroak doakoak izango dira eta 943 005 117 telefonora deitu edo berdintasuna@zarauz.eus-era idatzi beharko da izena emateko.

Secciones