Kartzelatik tabernara

Xabier Euzkitze - Domingo, 24 de Junio de 2018 - Actualizado a las 08:09h.

Sexua askatasunez eta norberak nahi duen aldaeretan bizi ahal izatea gizarte modernoaren lorpena da. Aurtengo sanferminetan ere bat baino gehiago izango dira sexuaz gozatzeko borondatez joango direnak, eta ez denak neska bat-mutil bat formatuan. Aurreko esaldiko hitzetako batean dago auziaren gakoa: borondatea. Neska batek –mutilekiko bahea beti da laxoagoa buru ertsientzat– mutil batekin baino gehiagorekin esperientzia bat bizi nahi izatea moral, etika eta gizarte-arau guztiez kanpokoa irudituko zaio hainbati. Arazoa ez da norberari zernahi iruditzea, besteei norberaren arau moralen arabera jokarazi nahi izatea baizik. Horrelako fantasiak jende askok ditu baina, koka dezagun testuingurua;ezkaratze bateko eskail-buru estu batean gertatu zen dena;sei pertsona ziren tartean, 18 urteko neska bat eta hura adinez eta pisuz bikoizten zuten bost mutil;neskaren baimenik gabe grabaturiko bideoetan, auskalo noiztik dutxatu gabeko bost ezezagunen zakilak agertzen dira neskaren ahoan;preserbatiborik gabeko sarketak egin zizkioten, baginan zein uzkian. Eta orain dator galdera: zein burutan sar liteke norbaitek halakorik bere borondatez egitea?

Bost mutilak kalean dira. Behin-behinean, baina kalean. Hedabide baten bitartez ezagutu dugun autoan epaimahaiak dioenez, ez dago ihes egiteko arriskurik, mutilak jada ezagunak baitira. Pentsa liteke esan nahi digutela: “Halako izugarrikeria bat egin eta jendeak ezagutzen dituen pertsonak etxetik irteteko ere lotsa izango dira”. Bost gizatxarren jokaerak ez du damu eta lotsa zipitzik adierazten, tamalez. Espetxetik irten ondoren, kazetari eta herritarren paretik igarotzean, azeleragailua indarrez zapaldu zuten, harrokeriaz beteriko keinuan. Ordu-erdi baten buruan, Nafarroatik irten ere egin gabe, Cabreita herrian geldialdi bat egin eta taberna batean trago bat hartu zuten, lasai ederrean. Sevillara iristean, beraiek nagusi. Haien kasuan ezaguna izatea larrigarria da. Harro daude, hazita. Eta Iruñean edo Pozoblancon egindakoen antzeko besteren bat egitea aukera kontua besterik ez da. Denbora lekuko. l

Secciones