GIZARTEA

Komunitatea ardatz

Udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaile eta profesional bana bazkaria prestatzen.

 Donostiako Udalak eskaintzen duen etxez etxeko laguntzazerbitzua malguagoa, zabalagoa eta lehiakorragoa izango da aurki 

Oihana Prado - Viernes, 22 de Junio de 2018 - Actualizado a las 11:24h.

Donostiako 1.200 etxetan ematen du zerbitzua Udaleko etxez etxeko laguntza zerbitzuak, non 400 profesionaletik gora jarduten diren egunero. Etxean bizitzea eta eguneroko eginbeharrak egitea ahalbidetzen die adineko pertsonei honako zerbitzuak. 25 urte baino gehiago darama abian eta eredua berraztertzeko unea iritsi da.

Gauzak horrela, Gipuzkoako udalek eta Foru Aldundiak akordio bat sinatu berri dute etxez etxeko laguntza zerbitzua malguagoa, zabalagoa eta lehiakorragoa izan dadin. “Malguagoa esaten dugunean esan nahi du erabiltzaileen beharretara egokitu egingo dela eta larrialdiko egoerei azkarrago erantzuteko gai izango dela. Zabalagoa ere izango da funtzio berriak beteko dituelako, alegia, lagun-egite soziala edota tarteka zaintza lanak egiten dituen senideari atsedena ematea. Prezioari dagokionez ere lehiakorragoa izango da hemendik aurrera, eta gehienez, orduko 14 euro ordainduko dituzte”, azaldu du Aitziber San Roman Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Eredua berraztertzeko lanean, ezinbestekoa izan da profesionalen ikuspuntua. “2016 eta 2017 urteetan hausnarketa prozesu bat burutu dugu zerbitzuko profesionalekin eta haiei entzutea balio handiko ondorioak ateratzea ahalbidetu digu;profesionalaren eta erabiltzailearen artean sortzen den konfiantzazko harremana, adibidez”, azpimarratu du San Romanek. Zainketa lagunkoiaren ezaugarriei buruz hausnarketa egitea izan da aipatu prozesuaren helburua, etorkizuneko erronkak identifikatzeko.

Donostia Lagunkoia Udalak sustatutako hiri plana da Donostia Lagunkoia. Populazioaren zahartzeak sortzen dituen erronka eta aukeratan arreta jartzen du, hainbat proiektu eta jarduera bultzatuz. Aipatu planak lau ardatz ditu: espazio publiko integratzailea eta mugikortasuna;bizitza osorako etxebizitza;bizitza ziklo berri baterako trantsizioa eta adinaren kudeaketa;eta azkenik, zaintzen duen komunitatea. Ardatz honek hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea du helburu, komunitatearen parte direla ahaztu gabe. “Gaixotasuna, bakardadea eta isolamendua agertzen direnean, adineko pertsonak ikusezin bilakatzeko arriskua dute. Ardatz honen bitartez, komunitatearen parte izateko prozesuak martxan jartzen ditugu”, argitu du zinegotziak.

Azken ardatzaren harira, San Romanek azaldutakoaren arabera, “etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten profesionalak ezinbesteko bihurtzen dira adineko pertsonak komunitatearekin duen lotura mantendu dezaten: betiko harakinarengana joatea, paseo bat ematea edota kiroldegira joatea ahalbidetzen dielako, alegia, bizitza normala egitea”.

Secciones