Bote prontoan

Galduta

Karmele Jaio - Viernes, 22 de Junio de 2018 - Actualizado a las 10:39h.

Sinetsi nahiko nuke ez dela nazioarteko presioen eraginez hartutako erabakia. Aita Santuak berak ere eskatu diolako Trump presidenteari mesedez familia migratzaileak ez ditzala banandu. Ez, ez da izan munduaren aurrean lotsagarri geratu delako umeen negar eta hasperenen bitartez. Ume kaiolatuen irudi lotsagarri horrek eragin dituen protestengatik ez da izan, ez. Ez da izan interes ekonomikoren bat kolokan ikusi dutelako euren herriaren ezkor bat erakusteagatik. Ez, ez da izan inolako interesengatik. Sinetsi nahiko nuke. Pentsatu nahiko nuke, irudiok ikusita Donald Trumpek haurra zela New Yorkeko hiribide jendetsu batean galdu zen eguna gogoratu duela. Ingurura begiratu eta ez aita, ez ama, ez aurpegi ezagunen bat aurkitzen ez zuen egun hura. Edo agian bere aholkulari estuetako bat izan da txikitan hondartzan galdu zeneko estualdia gogoratu duena. Eta bat batean, ume haien ezinegona eurena egin dute. Bai, hori izan da. Nor ez da galdu hondartzan txikitan, edo beste leku jendetsuren batean. Nork ez du sentitu izu hori, babesgabetasun hori, munduan bakarrik eta abandonatua sentitze hori. Ama edo aita oihukatzea eta inork ez erantzute hori. Bai, ziur Trumpek eta ingurukoek txikitako pasadizo horietako bat gogoratu dutela ume haiek negarrez ikustean, eta bihotza bigundu zaiela. Ziur, bihotz gogor horietan enpatiarako tarteren bat geratzen zaiela.

Bereziki gogorra izan da umeak bakarrik eta negarrez ikustea, baina, ez da kontu berria. Munduko gatazka guztietan gertatu da. 1937. urtean Santurtzitik Habana itsasontzia umez kargaturik abiatu zen Ingalaterrara. Han ere bakarrik zeuden. Hango negarrak errepikatu dira. Eta egunero errepikatzen dira. Gaur egun, ume migratzaileen errekorrera heldu gara mundu honetan. Bigarren Mundu Gerragatik ez da munduan hainbeste pertsona errefuxiatu izan. Eta haien artean, umeak, galduta, babes gabe, batzuk negarrez, beste batzuk negar egiteko indarrik gabe, eskubiderik gabe. Galduta daude, baina ez hondartza batean, ez euren hiriko hiribideren batean. Galduta daude, interes ekonomikoen agindupean balio asko galdu dituen mundu batean.