Bukatzear dago Emarin izena emateko epea

Hamar ekintzaile edo enpresentzako bulegoak eskaintzen ditu Udalak Oriaburu eraikinean

Jueves, 21 de Junio de 2018 - Actualizado a las 06:03h.

Tolosa - Oriaburu eraikinean kokatu den Emari coworking espazioan izena emateko epea ekainaren 26a bitarte luzatuko da. Interesa dutenek beren proposamenak www.emari.eus web orriaren bitartez edota fisikoki Udalean bertan aurkez ditzakete.

Ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa izatea nahi du Emarik. Zazpi egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da. Guztira hamar ekintzaile/enpresentzako lekua dago, hainbat zerbitzurekin (formakuntza eta aholkularitza, Internet, inprimagailua, publizitatea eta abar). Hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako eta gehienez hiru urtez egon ahal izango dute bertan.

Emari espazioaren kudeaketa batzordeak, uztailean zehar, proiektuak aztertu eta espazioa bere osotasunean era produktiboenean baliatu dezaketenen proposamena gauzatuko du. Aurreikusten da abuztuan espazioa martxan egotea. - M.S.S.